Maite Iturbe EITBko zuzendariarentzako gutun irekia
ELAk egundo ez dio inori ukatuko sindikatuak egiten duenari kargu hartzeko eskubidea; haatik, ezin da onartu hedabide publiko batean beronetako beste saio baten ardura izan (En Jake) eta horregatik kobratzen duen kazetariak, aldi berean, erakunde bereko tertulietan parte hartzea (ETB eta Radio Euskadi).
Oso deigarria da, gure ustez, Lapitzek zenbateko arinkeriaz heltzen dien gure organizazioari buruzko gaiei; taxurik gabe, mugimendu sindikalaren aurkako aurreiritziekin eta betiere kontratatu duen gobernuaren aldeko jarrera agerian utziaz. EITBk nahitaez bere saioetako aurkezleen inpartzialtasuna bermatu behar du. Hau ez da, ordea, Xabier Lapitzen kasua; gutxieneko formak ere ez ditu zaintzen ELAri erasotzen dionean.
ELAk EITBko zuzendaritzari eskabide bat luzatzen dio: honelako jokabideak amaitzea. Profesional batzuren lerratzea -beti Jaurlaritzaren alde- muturreraino iritsi da; hainbeste, ezen normaltzat hartzen den edozein astakeria. “Profesional” hauek beren posizio politikoaren apologia egin nahi badute -eskubide osoa dute-, egin dezatela hedabide pribatutan edo sor dezatela beren Intereconomia partikularra.