Manifestazio jendetsua izan da gaur Bilbon Osakidetzaren alde eta Basurtuko bihotzeko kirurgiaren itxieraren aurka

2022/12/02
Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen deialdiak Osasun Sailari eskatu dio ez dezala errekurritu bihotzeko kirurgiaren itxiera, eta negoziazioaren bidea berreskura dezala, Osakidetzak pairatzen dituen egiturazko arazo larriei premiaz heltzeko

Manifestazio jendetsua egin da gaur Bilboko kaleetan, ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Basurtuko Ospitaleko bihotzeko kirurgiaren itxiera salatzeko eta Osasun Sailari Osakidetzako arazo larriei irtenbidea emateko eskatzeko.

Basurtuko Ospitaleko bihotzeko kirurgiaren itxiera, zalantzarik gabe, Osakidetzaren jarrera inposatzailearen adibide argia da. Guztien aurka hartutako erabakia da: langileen, sindikatuon eta herritarren aurka. Azken kate-maila justiziarena izan da: kautelaz bertan behera utzi du itxiera Osasun Sailaren jarrera gogor gaitzesten duen Auto batean. Osakidetzak dagoeneko iragarri du Auto horren aurkako helegitea aurkeztuko duela, guztien aurka hartutako erabakia betearazteko.

Testuinguru horretan, gaurkotasun osoa dute Sagardui sailburuak pasa den ekainean bota zituen hitzek. Bertan, kultura-aldaketa sustatzeko beharra defendatu zuen. Hitz horien atzean dagoena da lan-baldintzen prekarizazioa eta herritarrei eskaintzen zaien osasun-arretaren murrizketa. Egindako planteamenduak Basurtuko Ospitaleko bihotzeko kirurgia ixtea bezalako neurriak aurreikusten zituen. Sagarduik eufemismo bat erabili zuen eta ospitaleetako espezializazioaz hitz egin zuen.

Epaitegiaren Autoak itxieraren kautelazko etendura ezartzen du, eta garbi isladatzen ditu sindikatuok behin eta berriz salatu ditugun gaiak: negoziaziorik eza, helburu pribatizatzailea, aurrezteko irizpideak eta pazienteentzako zerbitzuaren kalitatearen murrizketa.

Zerbitzu hori desegitea, zoritxarrez, ez da gertaera isolatua Osakidetzan. Aski ezagunak dira lan-gainkarga sistematikoaren arazoak; kolapso egoerak zerbitzu jakin batzuetan; behin-behinekotasun tasa altuak; plantilla exkaxa; eta abar. Arazo horiek bereziki larriak dira Lehen Arretan eta ospitaleko larrialdietan. Baina ez gaude fenomeno meteorologiko baten aurrean, baizik eta azken urteetan aplikatutako erabaki politikoen eta murrizketen ondorio zuzenaren aurrean.

ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok Osakidetzari eskatzen diogu ez dezala errekurritu bihotzeko kirurgiaren itxiera eteten duen Autoa, atzera egin dezala hartutako erabakian, eta negoziazioaren bidea berreskura dezala, gure osasun-sistema publikoak pairatzen dituen egiturazko arazo larriei premiaz heltzeko.