Manifestazio jendetsua Parisen “Orain presoak” lemapean

2017/12/09
Milaka pertsonek parte hartu dute Parisen Bakearen Artisauek deituta “Orain presoak” lelopean antolatutako mobilizazioan. ELAren ordezkaritza zabal bat bertan izan da, Adolfo Muñoz “Txiki” idazkari nagusia buru. Muñozek ekitaldiaren aurretik egindako adierazpenetan azpimarratu duenez, Aieteko Konferentziatik sei urte pasatu direnean eta ETAren armagabetzearen adierazpenetik ia zortzi hilabete iragan direnean, euskal presoen egoerak konpondu gabe jarraitzen du eta bada garaia behingoz auzi horri heltzeko. “Ezinbestekoa da euskal presoak Euskal Herriratzea gatazka konpondu ahal izateko”.

Bestalde, Bakearen Artisauek azpimarratu dute Euskal Herriko gai bati buruz Frantzian ikusi den mobilizazio handiena izan dela gaurkoa. Helburua presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurri onartezinak kentzea izan da, alegia, presoen hurbilketa, gaixo diren presoak askatzea, baldintzapeko edo behin-behineko askatasun neurriak izan ditzaketen pertsonak askatzea eta baita kondena bukatzear duten presoak askatzea ere.