Manifestazioa Bizkaiko zahar etxeetako grebaren lehen egunean

2023/02/01
ELA sindikatuak deituta, Bizkaiko adinekoen etxeetako langileek 8 eguneko greba deialdiari hasiera eman diote, manifestazio jendetsu batekin, Eusko Jaurlaritzatik Bizkaiko Foru Aldundira.

Bizkaiko egoitzetako 400 langilek baino gehiagok parte hartu dute gaurko greba deialdian, soldata baldintzak izoztuta bi urte eta erdi baino gehiago daramatzatela salatzeko, eta 2021eko urritik adinekoen egoitzetako patronalak ez direla langileen ordezkariekin biltdu, soldata igoerak baztertuz.

Langileek salatu dute Bizkaiko zahar etxeek manipulatu egiten dituztela langileen lan baldintzak; izan ere, familiei jakinarazi diete 2023an aplikatzen dieten tarifa igoera (% 6,5etik % 10era) soldata igoeren eta hitzarmenaren negoziazioaren ondorio dela. Langileek salatu dute gezurra dela hori. Ez da egia eurorik erabili denik soldaten hobekuntzetarako edo hitzarmena negoziatzeko. Aplikatutako igoerek etekin gehiago baino ez diete eragin enpresei, zerbitzuaren kalitatea eta lan baldintzak prekarizatzearen kontura.

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiari egotzi diote zerbitzuaren erantzukizuna, bera izanik zerbitzua ordaintzen duena. Langileei bizkar ematen jarraitzen du, ordea. Diru publikoko kopuru handiak ordaintzen jarraitzen die enpresei, baina adinekoak zaintzen dituzten langileen asistentzia kalitatea ez da hobetzen, ezta langile kopurua zein baldintzak ere.

Langileek azpimarratu dute pandemiak agerian utzi duela Bizkaiko egoitzetako langileek urteak daramatzatena salatzen: sektoreak gabezia larriak ditua, negozioari lehentasuna ematen dion eredua da, pertsonen gainetik, eta erakundeen propagandaz gain, ez dago hori aldatzeko benetako borondaterik.

Bihar, otsailak 2, bigarren greba eguna izango dute. Goizeko 7: 15ean Bilbon (Juan de Garay – Zabalburu) abiatuko dute manifestazioa eta Bilboko udaletxeko eskaileretan amaitu.