Manifestazioa Gernika-Lumoko udaleko ELAren ordezkariaren kaleratzea salatzeko

2007 urte bukaeran, Gernikako udaletxeko langile talde batek, beraien egoera irregularrarekin kezkatuta, lan ikuskaritzara jo zuten beraien lanpostuen egonkortasuna bilatu asmoz. Hortik aurrera ELAk eta bere delegatuek erregularizazioa helburu denkantsu gabeko borrokari ekin zioten.
Bidea gogorra eta latza izan da, lan ikuskaritzako inspektoreak ere kontratu hauek irregularrak zirela esan zien Udaleko politikariei. Ebazpen horrek jakinarazten zien, lanpostuak “permanentes y estructurales” zirela, baina udal agintariek EA lehendabizi eta gero Bildu agintean egonda, ez zituzten plantillan sartu. Negoziazio Mahai ezberdinetan, langileen ordezkariek eskatu eta eskatu egin arren, ez zituzten sartu.
Inspekzioak esandakoa nahikoa ez udaleko agintarientzat, eta epaitegietara jo behar izan genuen (2011). Epaileek inspekzioak esandakoaren ildotik, derrigortu egin zuen Udala (2013) langileak plantillan sartzen.
Gernika-Lumoko udalak azken urteetan axolagabe eta arduragabe jokatu du, lanpostu hauen udaleko lanpostu zerrendan sartu gabe, ikuskaritza eta epaitegiek esan dutenari kaso egin gabe. Aurten aldiz, 2014, Gernika-Lumoko udalak, lanpostuen zerrenda osatuago bat onartu berri du udalbatzan, lanpostu irregular hauek barneratzen dituena.
Lanpostu zerrenda honek, lanpostuak barneratzen ditu, bai, baina ez guztiak. ELAko ordezkariaren lanpostua DESAGERTARAZI egin du udalak. Lanpostu guztiak erregularizatu ditu, ELAko ordezkariarena izan ezik, hortaz BILDUk, lanpostu honen amortizazioa onartu egin du.
Ez da kasualitatea... ELAko delegatu honek, azken urteetan Gernika-Lumoko udalak, udaleko langileekiko izan duen jarrera autoritarioa behin eta berriz salatu du. Bai langile laboralen lanpostuen egonkortasunaren gaian, baina baita langile talde osoari eragiten dien eguneroko hainbat ekintzetan ere.
Udalak, langileen lan baldintzak arautuko dituen akordioa negoziatzeko negoziazio mahaia ez zuen zabaldu ere egin nahi. Udalak kanpora begira murrizketa eta neurri atzerakoien aurka agertu arren, langileei neurri guzti hauek aplikatu dizkie, BILDUk gobernatzen dituen beste instituzio askotan ez bezala. Behin eta berriz, udaletxe barruan mahaietan, eta herriari begira, salatu dugu jarrera hau, kontzentrazio eta adierazpenak eginez.
Udaletxera iritsi den lan ikuskaritzako azken txostenak, ELAko delegatua den langile honen aurkako lan-akoso zantzuak daudela ikusita, udalari protokoloa zabaltzeko errekerimendua luzatu dio. Zein izan da udalaren erantzuna? Akoso protokolorik zabaldu ez eta langile honen lanpostua desagertaraztea.
Amortizazio honekin, ELAko delegatua kaleratzea da hurrengo pausua. BILDUk Gernikako Udalean urteetan lanean ari den delegatu bat kaleratuko du, beraiek egindako gehiegikeriak behin eta berriz salatu ditugulako?
Lanpostu zerrenda hau, udalbatzak tratatu beharreko gai zerrendatik kanpo onartu du udalak. Gai zerrendatik kanpo, azken orduan eta isilean. Zeren beldur da Bildu? Zeren beldur da Gernikako udala azpijoko hauek erabiltzeko? Hau al da udala herriari zabaldu eta parte hartzea bultzatzea?
Ekintza guzti hauek (langileen eskubide eta lan baldintzak defendatzen dituztenenganako erasoa, utzikeria...) beste garai eta beste instituzio batzuetakoak dirudite baina hemen, Gernika-Lumoko udalean gertatzen ari dira.
Ezin dugu aipatu gabe utzi LAB Sindikatuaren jarrera. ELAko delegatuaren kaleratzea onartzen duen lanpostu zerrendaren alde bozkatu du LABek, ziurrenik, langileen eta enpleguaren defentsa baino, beste helburu batzuk bultzatuta. Eta guzti hau... Gernikako Langileen ordezkaritzaren %30 edukita!
LABek estaldura eman dio udaletxeari argi eta garbi askatasun sindikalaren aurka doan neurri bat hartu ahal izateko.
Gernikako udalean ELAk lan-talde indartsua eta gogotsua daukagu, eta ez dezatela pentsa kaleratze honekin udalaren gehiegikeriak salatzeari utziko diogunik. Guk, ELAk, eta udaleko langileok, ildo berean lanean jarraituko dugu, dauden lanpostu guztien defentsa, lanpostu berrien sorrera eta langileen lan baldintzen hobetzea.
ELAk, Bilduren ekintza hau askatasun sindikalaren eta ELA sindikatuaren aurkako eraso larritzat jotzen du, eta hala erantzungo dugu, gure esku dauden bide guztiak erabiliz, bide sindikalak eta bide judizialak.