Manu Robles Arangiz Fundazioak hamar urte bete ditu Iparralden

2014/11/01
Manu Robles Arangiz Fundazioak hamar urte bete ditu Iparralden
Urteurrena ospatzeko karira, hainbat ekitaldi burutu dira Fundazioak Baiona Ttipian duen egoitzan. Goiz partean hausnarketarako tartea izan da, hamar urtetako ibilbidea aztertu eta, bereziki, aurrera begirako erronkei nola aurre egin zehazteko. Bertan izandako militanteek oso balorazio baikorra egiten dute eta, bide batez, etorkizunerako dauden erronka itzelei arrapostua emateko prestutasuna erakutsi dute. Eguerdiko tartean mokadurako parada ere izan da, giro ezin hobeagoan jendea agurtu, iritziak elkar trukatu eta atsedentxoa hartzeko.

Arratsaldeko saioan bi mahai inguru antolatuak ziren. Lehenengoan, Burujabetza, nondik da? izenburupean parte hartu dute Amaia Muñoak –ELAko idazkari nagusiaren-albokoa–, Eneko Bidegainek –kazetaria–, Angel Oiarbidek –Gure Esku Dago dinamikako bozeramailea– eta Mario Zubiagak –Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea– Eskoziako, Kataluniako eta, noski, Euskal Herriko egoera politikoa aztertuz. Ondoren Joseba Azkarraga soziologoa eta Michel Berhocoirigoin laborari sindikalista honako galdera erantzuten saiatu dira: Burujabetza, zer da? 

Amaia Muñoaren iritziz “harrokeriarik gabe esan dezakegu duela hamar urte jarri genituen helburuak ontsa bete direla, Fundazioa topagune eta elkargune bilakatu baita Iparralden eremu ezberdinetan lanean diharduten makina eragileentzat. Eta hurrengo urteetan halaxe jarraitzea nahi dugu, erronka berriak gure agendan txertatuz”.

Eta ospakizun eguna amaitzeko mokaduaren txanda izaten ari da, zintzurra busti eta pintxoak jateko aukeraz. Zorionak fundazioari eta militanteei!