MANU ROBLES-ARANGIZ INSTITUTUA FUNDAZIOAK ANDONI KAIEROren

2004/01/13

"Demokraziarako trantsizioa" deritzon hartatik gaur egun arte lan-harremanek Euskal Herrian izan duten bilakaera aztertu digu Andoni Kaierok txosten honetan. Gaur egun, gure herriaren geroko eta oraingo estatus politikoa eztabaidatzen ari den honetan, berebiziko garrantzia du lan-harremanen gaiak. Izan ere, enplegua, babes soziala eta lan- eta gizarte-politikak zeinek kudeatuko dituen, horien gaineko eskumena nori dagokion dago hemen jokoan.

Hiru alor jorratu ditu Kaierok soldatapeko enplegua eta horrek gizartean duen arauketa aztertzeko, Mendebaldeko herrialde demokratikoetan ohikoak direnak alegia: lan-merkatua, legeria eta lan-harremanak (negoziazio kolektiboa erabili du harreman horien ardatz gisara). Legeriak eta lan-harremanek mugatu edo baldintzatu egiten dute lan-merkatua Mendebaldean. Sindikatuak, berriz, demokrazietako erakunde bereizgarritzat jotzen dira.

Hona hemen, besteak beste, Andoni Kaierok aztertu dituen gaiak, azken 25 urteotako lan-harremanen historian protagonista izan direnak: Espainiako Konstituzioak ezarritako eskumen-esparru orokorra, bertako lan-harremanen esparrua versus Estatuko esparrua, lan- eta gizarte-gaietan legeak egiteko ahalmena, autogobernua, sindikatu abertzaleen nagusigoa, sindikatu estatalisten jarrera, patronalaren erakundeak eta patronalaren jarrera (lan-merkatuan ahalik eta esku-hartze txikiena egitea), Lan Harremanetarako Kontseiluaren sorrera, lanbide arteko itunak, sindikatuen arteko aliantzak, gehiengorik ez daukaten sindikatuekin patronalak eta administrazioak izenpetzen dituzten hitzarmenak... Gai horiekin guztiekin batera, gobernuek, patronalak eta sindikatuek lan-harremanekiko duten jarrera ere aztertu du Kaierok lan honetan.

Ziur gara ezinbesteko erreferentzia izango dela txosten hau lan-harremanei buruzko ikasketak egiten diren eskola eta unibertsitate-fakultateetan. Ziur gara, halaber, oso baliagarria izango zaigula Manu Robles-Arangiz Institutuan hezkuntza-lanetan aritzen garenoi.