Marie Brizard-en lantegia irekita jarraitzea eta lanpostuak mantentzea lortu da
Akordioaren edukiak hauek dira, laburbilduta:
-55etik gora urte dituzten 11 langileentzako erretiro aurreratua, soldata garbiaren %80 bermatuko delarik.
-Kaleratzeko kolektiboa eta lantegia ixtea ekar zezakeen enplegua erregulatzeko espedientea (EEE) erretiratu egingo du enpresak.
-Kontratuak eteteko EEE bat izango da, langile bakoitzari gehienez 3 hilabetez eragingo diona.
-Enpresa-hitzarmena berritu egingo da, inolako murrizterik gabe, eta erreforma laborala aplikatzea saihestuko duten klausulak barne.
ELAREN IRITZIA
-Marie Brizardeko plantillak agertu duen jarrera tinkoa eta antolatuari esker, multinazionalak Zizurkilgo lantegirako zituen planak erabat aldatu behar izan ditu.
-Honelako egoeretan gauza bat argi izan behar da: borroka eta langile sindikalizatuen ekintza antolatua beste biderik ez dago enpresen erabakiei aurre egiteko.
-Tolosaldeko herritarrei bereziki eskertu nahi diegu emandako babesa: enpleguaren alde joan den larunbatean izan zen manifestazio handia langileontzat benetako pizgarria izan zen. Horrek, eta bezperan ELAk deitutako Iruñeko Labrit pilotalekuko ekitaldian jasotako elkartasunak indarra eman digu akordio honetara iristeko.
-Kasu honetan eta enplegua suntsitzeko beste asmoen aurrean borrokak emaitza izan ohi du.
-Horregatik, kaleratzeak pairatzen ari diren enpresetako langileei animoa eman nahi diegu: itxaropena ez da galdu behar; enpleguaren alde borrokari eutsi egin behar zaio, azkeneraino.
-Gaur lortu dugu multinazional baten erabaki lazgarri bat geldiaraztea. Aurrerantzean ere adi egongo gara, langileok eta sindikatua, etorkizunean antzeko asmorik izan ez dezaten.