Martinez:"Adegik ez du negoziatu nahi"

2010/09/28
Unai Martinez ELAko metal arloko federazioko buruak Donostian salatu duenez, Adegik negoziazio kolektiboari eraso egin dio. Izan ere, ELA eta LAB sindikatuek gaur goizerako deituta zuten metalgintzako negoziazio-mahaiaren bileran parte hartzeari uko egin baitio.

Martinezek LAB sindikatuko kideekin batera emandako prentsaurrekoan hitz egin du.

Martinezen hitzetan, bi sindikatuok deitutako greba aitzakia besterik ez da negoziazio mahaira ez agertzeko. “Hiru hilabete luze izan ditu horretarako, eta ez da gai izan bere eskaintza aldatzeko. Grebarako deia gainean izan duenean bazterrak nahasten ari da. Patronala lotsagarri jokatzen ari da Gipuzkoako metalgintza alorreko langileen aurrean”.

ELA-Metaleko idazkari nagusiak adierazi du iragarrita dauden zazpi greba egunak egin egingo direla, eta deialdi arrakastatsua izango dela.

Martinezek berretsi du Adegik Madrilen negoziatzen ari den lan hitzarmena ezarri nahi duela Gipuzkoako metal arloko soldata eta baldintzak kaskartzeko. 

Era berean, Adegi gezurretan ari dela adierazi du. “Negoziazio mahaian proposamen berri bat aurkeztu duela dioenean urteko lanaldia 55 ordutan luzatu, malgutasuna areagotu eta soldatak murriztu nahi dituela ezkutatzen du”.