Martxoak 20: Irak eta Palestinaren okupazioaren aurkako nazioarteko Mobilizazioa

2004/03/18

Iaz, martxoaren 20an, Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko tropak indarrez sartu ziren Iraken, estatu hori, munduko pertsonen segurtasuna eta bizia arriskuan jartzen zituzten suntsipen masiboko armak fabrikatzen ari zenaren aitzakiaz.

Bushek eta Blairek, Aznarren eta beste gobernu gutxi batzuen laguntzaz, Irak inbaditu zuten, suntsipen masiboko armarik ote zegoen egiaztatu gabe, NBEko Segurtasun Kontseilua ados egon gabe eta, batez ere, otsailaren 15ean mundu osoan gerraren aurka eta "nazioarteko gatazken irtenbide politiko eta demokratikoa" aldarrikatzeko egin ziren mobilizazio ugariei jaramonik egin gabe.

Inbasioa justifikatzeko esan zutenaren arabera, garaiz esku hartuz gero, mundua askatuko zuten Sadam Hussein erregimenaren mehatxutik, Ekialde Ertainera bakea eta ongizatea eraman eta Iraken erregimen demokratikoa ezartzeaz gain.

Inbasioa egin zenetik urtebete iraganda, balantzea guztiz alderantzizkoa dela esan dezakegu: Irakeko egoera, egunez egun, gero eta larriagoa da, eta tropa inbaditzaileen presentziak gatazka okerragotu besterik ez du egiten. Ondorioz, hildakoen zerrenda amaigabea da, eta oinarrizko azpiegituren eta zerbitzuen (osasuna, irakaskuntza, elektrizitatea, ura,...) suntsipenak are larriago bihurtzen ditu irakiarren bizi-baldintza eskasak, multinazionalek bertako baliabide ekonomikoak eta naturalak arpilatzen dituztelarik. Bitartean, Iraken erregimen demokratikorik ezartzeko aukera ez da inondik ere ageri.

Irak inbaditzeak eta okupazio-tropek bertan segitzeak munduko inguru horretako tentsioa areagotu eta Ekialde Ertaineko krisia gaizkiagotu baino ez dute egin. Horra hor, batez ere, Ekialde Ertaineko okupazio-politiken eta militarismoaren hazkundearen eraginez, Israelgo estatuaren gero eta oldarkortasun handiagoa pairatu behar duten palestinarren egoera. Gerrek eta okupazioek gatazkak larriagotu besterik ez dute egiten; beraz, desagerrarazi egin behar ditugu.

Horregatik, mendebaldeko gobernuek eta NBEk oraingo egoera zuzentzeko erakutsi duten ezgaitasunaren aurrean eta erokeria hau behingoz amaiarazi beharra ikusita, Euskal Herrian bat egiten dugu Mumbaiko Munduko Gizarte Foroan elkartu ziren Gizarte Mugimenduen Sareak mundu mailan antolatu duen mobilizazio deialdiarekin, eta, beste gizarte mugimendu batzuekin batera, martxoaren 20an, Iraken eta Palestinan dauden okupazio taldeek bertatik berehala alde egin, okupatutako herrien subiranotasuna berrezarri eta gatazkak bide politiko, demokratiko eta baketsuez konpon ditzaten exijitzeko mobilizaziora deitzen dizuegu.

MANIFESTAZIOAK Bilbao, 17:30 Jesusen Bihotza Pza.
Gasteiz, 18:30 Posta Plaza
Donostia, 17:00 Boulevard
Iruñea, 18:00 Autobusetan

ELA, LAB, ESK, EHNE, STEE-EILAS, HIRU