Martxoaren 14tik 20ra, langile laguntzaileen greba Bilbao Kirolaketako kiroldegietan

2022/03/11
ELAk deituta, Guedan Servicios Deportivos SA enpresako langile laguntzaileek grebari ekingo diote martxoaren 14an, astelehenean, lan baldintza hobeak lortzeko. Guedanek Bilbao Kirolatako kiroldegietan eskaintzen du zerbitzua, eta lehen deialdi honetan, martxoaren 20a arte iraunen du grebak.

Greba hasiko duen kolektiboa 33 lagunek osatzen dute, eta Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Hitzarmeneko ofizial kategoriapean egiten dute lan; gehienek 15 eta 30 urte artean daramate lanean, baldintza duinik gabe.

Sindikatuak nahi du langileon beharrizan eta aldarrikapenak Udalaren baldintza agirietan jasotzea; laster argitaratuko dira, zerbitzuaren lizitazio publikorako ezarriko diren eskakizunekin.

Lantaldearen aldarri nagusiak honakoak dira:

  • Soldata arrakala desagertzea: Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Hitzarmenak Ofizial eta hainbat Ofiziotako kategoriak urtean 17.749,55 euroko soldata aurreikusten du; orain 25.000 euro eskatzen dute, kontuan izanik betetzen ari garen eginkizunak, eta azken urteetan gero eta gehiago direla.

  • Baja osagarriak: Baja egoeran izanez gero, soldata %100ean osatu behar da, jatorria gertakari arruntak zein profesionalak direla ere.

  • Partzialtasunaren blindajea: Lanaldi partzialak blindatzea lan baldintzen aldaketa nabarmenak gertatzen direnerako.

  • Lizentziak: Lehen mailako senideak medikutara laguntzea, espezialista zein familiakoa dela ere. Eta norbere eginkizunetarako hiru egun libre, horieetako bat ordaindua.

  • Hutsuneak osatzea: Enpresak hutsuneak bete beharko ditu, aldi baterakoak eta mugagabeak. Postu horiek osatzeko lanaldi partzialeko langileek lehentasuna izango dute, finkoa zein eraikin eta lokaletako garbiketa hitzarmeneko behin-behinekoak. Halaber, osatu beharreko lanpostuan nor hasiko den erabakitzeko irizpidea langileak zerbitzuan duen antzinatasuna izango da.

Horregatik, ELAk greba eta mobilizazioak deitu ditu, Guedani eta Bilboko Udalari galdegiteko hurrengo baldintza agirietan aldarrikapenak aintzat har ditzatela. Datozen egunetan langileek agerraldiak egingo dituzte, kiroldegietan eta udaletxe aurrean.