Martxoaren 24an, greba mugagabea Zornotzako AKT Plasticosen, hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoelako

2022/03/17
Zornotzako Akt Plásticos enpresa-batzordeak greba mugagabea deitu du martxoaren 24tik aurrera, hitzarmenaren negoziazioak blokeatuta daudelako. Bederatzi hilabeteko negoziazioen ondoren, ez da inolako aurrerapenik lortu. Enpresak autoentzako plastikozko piezak ekoizten ditu. Volkswagen Taldea da bere bezero nagusietako bat.

Urte gogorrak izan dira AKT Plásticos enpresako langileentzat (160 pertsona inguruk egiten dute bertan lan). Aldi Baterako Lan Erregulazioa jasan behar izan dute, enpresak iruzurrez erabili nahi izan duena. Izan ere, lan kargak handitu ditu langileen parte handi bat langabezian zegoenean, eta langileak langabeziara bidali nahi izan ditu oporraldietan eta abar. Hori nahikoa ez, eta enpresak langileen aurka darabiltzan autoritate abusuak etengabeak dira.

Urak gainezka egin du, ordea, zuzendaritzak ez duelako erakutsi lan baldintzak hobetzeko hitzarmena negoziatzeko borondaterik. Zuzendaritzak, beharrezkoak diren hainbat punturi ez erantzuteaz gain, langileek erosahalmena nabarmen galtzea nahi du.

Hainbat proposamen helarazi zaizkio enpresako zuzendaritzari akordio batera iristeko. Baina, zoritxarrez, enpresak beti erantzun du berdin: erosahalmenaren galtzearen alde egiten du, eta, horrela, negoziazioa blokeatu.

AKT Plásticos enpresako langileek hilabete daramate enpresaren aurrean kontzentrazioak egiten lanorduetatik kanpo, bidezko hitzarmena eskatzeko eta botere abusua bertan behera uzteko. ELAtik denbora daramagu ohartarazten produkzioari eragiten zaionean bakarrik lortuko dugula enpresa gure aldarrikapenei kasu egiten hastea.

Hori dela eta, martxoaren 24an, osteguna, greba mugagabea hasiko dute langileek, bidezkoa dena lortu arte.