Martxoaren 27an kalera ateratzeko deialdia egin du gehiengo sindikalak
ELAren izenean Adolfo Muñoz, Txiki, idazkari nagusiak hitz egin du. Zapateroren gobernuak iragarri dituen erreforma ezberdinak –pentsioak, lan erreforma eta negoziazio kolektiboa– gogor salatu ditu, eta mobilizatzearen beharra azpimarratu du.
Martxoak 27ko manifestazioen zerrenda:
-Bilbo: 17:30, Jesusen Bihotza
-Donostia: 17:30, Bulevard.
-Iruña: 18:00, Gaztelu Plaza
-Gasteiz: 18:30, Bilbo Plaza
Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusiaren hitzetan, langileen interesen aurka iragarri dituzten neurriak oso gogorrak dira. Pentsioei dagokionez, eskubideak murrizten dituzte Bankuek diru gehiago irabazi dezaten. “Zapaterok Bankarentzat egiten du lan; jakin badaki pentsio publikoak jaisten baditu funtsa pribatuak kontratatzera derrigortzen duela. Bankarentzat soilik sektore publikoa atzera botatzen bada egin dezakeen negozioa da. Eta lan erreforman, berriro behin-behinekotasunaren aitzakia erabiltzen da patronalari are eta prekarietate gehiago emateko. Ezin dugu ahaztu, gainera, administrazioek ez dutela ezer ere egiten egun iruzurrean dauden milaka eta milaka behin-behineko kontratuen aurka”.
Gainontzeko sindikatuetako ordezkariekin egindako agerraldian, Muñozek adierazi du negoziazio kolektiboaren inguruko erreforma, bere aldetik, Estatua-uniformatzeko erabili eta baliatu nahi dute. Jakin badakite estatu-mailako hitzarmenak miseriazkoak direla, eta eskubideen galera suposatzen dutela. “Horregatik zabaldu nahi dituzte. Zentralizazio hori sindikalgintza espainiarraren aspaldiko ametsa da, eta izugarrizko pagotxa enpresarientzat”, zehaztu du.
Bestalde, maiatzaren 21eko greba orokorrean argi eta garbi esan genuen politika publikoak aldatu ezean langileon interesen aurkako urraketa gehiago, eta larriagoak, egongo zirela, gogoratu du. “Hemen daude. Gobernuek, bai Gasteizen, bai Iruñean eta bai Madrilen, eskuineko politikak egin dituzte, betiere patronalaren eta bankaren zerbitzura. Aberastasunaren banaketa bidegabeak ekarri gaitu honaino. Banaketa justuagoa ekarriko luketen politikak egitearen aurka daude, patronalaren eta bankaren gatibu dira. Patronalaren zein bankaren eskakizunei jaramon egitea gizarte-arrisku larria bihurtu da”.