Martxoaren 3an, Gasteizen, ELA, LAB, ESK eta STEILASek borroka sindikalak bizirik jarraitzen duela aldarrikatuko dute

1976ko martxoaren 3ko arratsaldean, Zaramagako langile-auzoan, 4.000 langilek greba-batzarra egin zuten San Frantzisko Asiskoaren elizan. Frankismoko polizia armatuak tiroketa batekin desegin zuen: bost langile hil eta dozenaka zauritu zituen. Trantsizioko Estatuko aparatuen sarraski handiena izan zen. 2022ko martxoaren 3an, Gasteizen langile klaseak jasandako sarraskitik 46 urte betetzen direnean, ELAk, LABek, ESK-k eta STEILASek omenaldia eta manifestazio bateratua egingo dute, 18: 30ean eta 19: 00etan, hurrenez hurren, eta borroka sindikalak bizirik jarraitzen duela aldarrikatuko dute.
Martxoaren 3ko mobilizazioak, justizia eta erreparazioaren oroitzapena eta aldarrikapena alde batera utzita, azken urte hauetako langile-borroka historikoei, pentsiodunen mugimenduari eta mugimendu feministari tartea emango die. Metaleko, egoitzetako, etxez etxeko zerbitzuko lankideak, ikasleak, irakasleak, denak Gasteizko kaleetan ibiliko dira. Hori guztia, helburu bakar batekin: 4.000 langile haiek 76ko martxoan hasi zutena amaitzea.