Martxoaren 3an, greba egingo dute Bizkaibusen zerbitzua ematen duten Avanza Durangaldeko langileek

Negoziatu ordez Avanza multinazionalak lantaldea estutzen saiatzen da, murrizketak ezarriz: egutegi eta oporraldiak aldatzen ditu; ez du antzinatasunik aitortzen; langileei zigor-espedienteak irekitzen dizkie, edota ez ditu banatzen Lan Ikuskaritzak galdegin zizkion musukoak, horrela langileak zein erabiltzaileak arriskuan jartzen dituelarik.
Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diogu esku har dezan, zerbitzuaren arduradun eta finantziatzaile bakarra den aldetik, baina orain arte entzungor egin die beharginen aldarrikapenei, eta diru publikoaz espekulatzeko aukera ematen dio Avanzari (duela gutxi finantziazioa gehitu egin diote enpresa honi); non, eta zerbitzua ematen duen udalentzako funtsezkoa den garraio honetan: egunean 75 busetik gora ibiltzen dira 30.000 bat erabiltzaile Arratia, Durangaldea eta Nerbioi Garaitik EHUra eta Bilbora eramateko.
Horregatik, martxoan 24 orduko hainbat greba egun eta mobilizazio izango dira. Bihar, martxoak 3, Lemoako kotxeretan bilduko dira langileak goizeko 5etan. Gero, 8etan, manifestazio bat hasiko da Bilboko Juan de Garay kalean; hiriko kaleetan zehar ibili ondoren Foru Jauregi aurrean amaituko da, Aldundiari galdegiteko Avanza behar dezala zerbitzua hobetzera eta bere langileen baldintzak hobetzera.