Martxoaren 3ko Gasteizko manifestazioaren inguruan

2006/03/08

ELAren Gasteizko Eskualde Batzordeak, Martxoaren 3ko manifestazioan gertatu zenaren inguruan, hurrengo puntu hauek eman nahi ditu jakitera:

1. Ertzaintzak bake-giroan zebilen jendetzaren aurka egin zuen karga neurriz gainezkoa eta lekuz kanpokoa izan zela iruditu zaigu, baita egin ziren atxiloketak ere, manifestazioan zihoazen lagunak besterik ez baitziren.

2. Orain dela 30 urte errepresioa jasan zutenei omenaldia eta aitorpena eskaini nahi genien, eta sarraski hura egin zutenei erantzukizunak argitzeko eskatu; baina egindako karga horrek omenaldia zapuztu eta goibeldu egin digu.

3. Gure ustez, eta ororen gainetik, martxoaren 3a langileen borroka ospatzeko eguna, eta bertatik bertara errepresioa jasan zutenen aldeko omenaldia egiteko eguna izan behar da.

4. Martxoaren 3ko manifestaziotik eragindako salaketak eta egozpenak, eta batez ere, atxilotuen karguak kentzeko exijitzen dugu. Abagune honetan lasaitzeko keinuak egitea da giroa ez gaiztotzeko denok behar dugun gizalege ezaugarria.