Matricería Deusto eta GTSko plantillek greba mugagabea egingo dute urriaren 9an, Gestampek itxiera espedientea erretiratzen ez badu

2020/10/07
Gestamp taldeak gaur goizean baieztatu du Matricería Deusto eta GTS enpresak ixteko asmoa duela, hau da, zuzeneko 230 langile eta zeharkako beste hainbeste pertsona kaleratzea. Hori dela eta, bi lantegietako plantillek berretsi egin dute urriaren 9tik aurrera greba mugagabea egiteko erabakia, beren lanpostuak eta Bizkaiko matrizegintza sektorearen etorkizuna defendatzeko. Egun horretan bertan, ELAk eta LABek manifestazioa deitu dute, goizeko 7:00etan lantegitik abiatuta.

Gaur egindako bileretan, enpresa-batzordeek taldeak sinatutako akordioak betetzea eskatu dute, eta, ondorioz, itxiera-espedienteak bertan behera uztea. Era berean, Matricería Deusto eta GTS enpresak ez direla uharte bat gogorarazi dute, Gestamp Taldeko kide diren enpresak baizik, 2019an 211 milioi euroko irabaziak izan dituztenak.
Kontsulta-aldiko hurrengo bilera urriaren 14an izango da, eta azaroaren 6an amaituko da.