Maureen Ada Otuya eta Jenny Sofía Rebolloren hilketak salatzeko mobilizazioak

2013/06/06
Maureen Ada Otuya eta Jenny Sofía Rebolloren hilketak salatzeko mobilizazioak
Ekainaren 6an, osteguna, hainbat mobilizazio antolatu dira Bilbon Maureen Ada Otuya eta Jenny Sofía Rebolloren hilketak salatzeko. ELAk hilketa hauek gaitzesten eta arbuiatzen ditu; gainera dei egiten die herritar guztiei gaur arratsaldean deitutako ekitaldietan parte hartzeko. Lehenengo ekintza 18:00tan izango da, Arriaga Plazan, ASOCOLVAS elkarteak deituta. Bigarrena 19:30tan izango da leku berean, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak 'Aski da! Indarkeria sexistarik ez!' lelopean deituta.

ELAko Genero Berdintasun Politiken Saileko arduradun Jone Bengoetxeak nabarmentzen duenez, hilketa hauek gizarte matxista, arrazista eta klasista bat erretratatzen dute beste behin. “Izen eta abizen esplizituak zituzten bi emakumeren hilketaren aurrean gaude, bi bizitza konkretu. Berriz ere gizon batek eraildako bi emakumeren aurrean gaude. Eta, bien bitartean, gizartearen eta hedabideen parte bat gertatutakoa ekimen isolatu eta egoeraren araberakoa bezala aurkezten saiatzen dira, bizi dugun egituraketa sozialarekin inolako zerikusirik izango ez balu bezala”.

Bengoetxeak nabarmentzen duenez gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna eta indarkeria sexista ez dira ez ekintza puntualak ez kontzeptu abstraktuak. “Egunero eta sarritan errepikatzen dira, era hautemanezinean, horrelako ekintzak zergatik gertatzen diren galdetzen duen gizarte baten begien aurrean. Diagnostikoan ados jartzen ez bagara zaila izango da gaitz kroniko hau errotik kentzea”.

“Gainera, –gaineratzen du–, biktimek bizi zuten ikusezintasun egoera salatu nahi dugu; biktima hauek ez dira estatistika ofizialetan aintzat ere hartzen, euren jatorri nazionala edo/eta lan eta bizi baldintzak kausa”.

Azkenik ELAk bere babesa eta elkartasuna erakutsi nahi die hildako bi emakumeen senide eta ingurukoei.