Mediaposteko langileak, lan-erregulazioko espedientearen aurkako greba mugagabean

2021/01/26
Mediapost enpresako langileek elkarretaratzea egin dute Barakaldoko Herriko Plazan, justifikaziorik gabeko enpleguaren suntsiketaren aurka eta Bizkaiko negoziazio propioaren alde. Enpresa horretako langileak greban daude urtarrilaren 20tik, enpresak ezarritako enplegu-erregulazioko espedientearen aurka. Egoera korapilatu egin da zuzendaritzak CCOO eta UGT sindikatuekin Madrilen sinatutako akordioaren ondorioz; akordio horren arabera, estatu mailan 72 langile kaleratuko dituzte, horietatik 10 Bizkaiko ordezkaritzakoak izango dira.

Mediaposteko langileek greban jarraituko dute ordezkatzen ez dituzten sindikatuek sinatutako akordio bati uko egiteko. Akordio horrek aukera emango du irabaziak eta lana dituen enpresa bateko langileen %30 kaleratzeko. Bizkaiko Mediaposteko langileek, gainera, adostutako kalte-ordainak kritikatu dituzte, ez baitira nahikoak 20 urte baino gehiagoko antzinatasuna duten langileentzat.