Mendiguren y Zarraua enpresan greba mugagabea hasi dute
Mendiguren y Zarraua, S.A.U. enpresak 227 langilerentzako etendura-EEE zuen indarrean, 2012ko irailetik; baina, orain dela gutxi, epaitegian espedientea deusez deklaratu dute. Martxoaren 1etik enpresaren Zuzendaritzak %15 jaitsiko du langileen soldata.
Arrazoigabeko, neurribako eta gehiegizko erabaki horren aurrean, joan den asteko ostegunean langileen batzarrak egin ziren lantegi bietan. Eta haietan gehiengo zabalaz (Berriz: 81 bai, 19 ez / Abadiño: 97 bai, 29 ez) erabaki zuten mugagabeko greba bati ekitea, Grebaren helburua soldaten jaitsiera enpresari kenaraztea da, eta erreformaren ondorioak berdintzen dituen enpresa-hitzarmena negoziatzea.
ELA langile guztiak bultzatzen ditugu greba modu aktiboan jarraitzera. Erreibindikazio-bidea bide bakarra da gure eskubideak jagotearren, eta hala frogatu zen 2008ko grebarekin, orduan sinatu baitzen Mendiguren y Zarraua, S.A.U.n inoiz sinatu den hitzarmen kolektiborik onena.