Mendiguren y Zarraua enpresaren egoeraz Aburto sailburua gezurretan
Gaur Vocento taldeak argitaratu duen elkarrizketan Aburto sailburuak ez du ezer esaten Abadiño eta Berrizen lantegiak dituen enpresa honetako zuzendaritzak egin duen kudeaketa txarraz; ezkutukeria eta gardentasun eza izan da nagusi.
Aburtok ez du aipatzen ere finantza-erakundeen jokabideaz: dirutza publikoak jasotzen ari diren bitartean, produktua baduen enpresa baten etorkizuna itotzen ari dira, proiektu industrialarekin jarraitzeko behar den likidezia ukatzen baitiote. BBVAk, Kutxabankek, Santanderrek, Bankinterrek eta Caja Laboralek ez daukate eragozpenik enpresako 250 langileak kalera botatzeko, eta Aburto sailburuak honetaz ez dauka ezer esateko.
Enpresa ugari ixtearen ondorioz galtzen ari den lanpostu mordoa dela-eta erraza da Lakuatik erruak banatzea, baina Jaurlaritzak eta Aburto jaunak hau galarazteko ez dute ezer egiten. Enpresek pairatzen duten kreditu gabezia salatzeko zeren zain ote daude Gasteizko eta Iruñeko gobernuak eta euskal patronalak? Egoera hain larria izanik, zenbait arduradunek, esaterako Aburto sailburuak, nahiago du gizarteari errealitatea ezkutatzen saiatu bere ardura saihesteko eta ardurak beste batzuri leporatzeko.