Mercedes Benz eta haren hornitzaileetako ordezkariak elkarretaratu dira enpleguaren alde
Krisia hasi zenetik automozioaren ekoizpenak etengabeko beherakadak jasan behar izan ditu. Mercedes Benz-ek merkatu-kuota handiak mantentzen baditu ere, bere zenbakiak jaisten ikusi ditu, baita ere; hori dela-eta, enpresa hornitzaileek eta haietako enpresa-batzordeek neurriak hartu behar izan dituzte, enplegu-mailari eusten saiatzeko.
ELA sindikatua nagusia den batzordeetan su eta gar ahalegindu gara enpresa laguntzaileak behartzen beraietan dagoen enplegua mantentzera.
Ahalegin horiek guztiak zapuztu ziren orain dela egun batzuk, Grupo Antolin enpresak —Mercedes Benz-en eserleku-hornitzaileak— 9 langile kaleratzea erabaki baitzuen. Enpresa Batzordea, erabat UGTkoa, plantilla desmobilizatzen saiatu zen, ELAren iritziz, eta azkenean kaleratutako langileak bertan behera laga zituen.
Orain dela ez asko, eta Grupo Antolin enpresan bertan, Zuzendaritzak bi langile kaleratzea erabaki zuen, eta plantillak oso bestelako jarrera hartu zuen erabaki haren aurrean. Orduan ELAk zuzentzen zuen batzordea, eta plantillak, beldurra astinduz, bi lankideak berriro hartzea lortu zuen. Orain beldurra nagusitu da UGTren argudio guztien bidez, eta emaitza guztiz bestelakoa izan da.
Halaber, Grupo Antolin-eko UGT batzordea eta sindikatu horretako egitura ezkutuan ibili izana salatzen dugu. Izan ere, Mercedes Benz-en ekoizpen-beherakada dela-eta, neurriak hartzeko egindako bilerak denon ezkutuan egin dira.
ELAtik exijitzen diogu Grupo Antolin-i kaleratutakoak berehala berrartzeko, eta bestelako neurriak, ez horren traumatikoak, hartzeko. Osterantzean, ez dugu baztertzen mobilizazio bateratu gehiago antolatzea, beti ere enpleguari euste aldera.
Bide batez gure konpromisoa adierazten diegu berriz ere enpresa laguntzaileetako plantillei. Gure asmoa aurre egitea da gogotik, Mercedes Benz-en industria laguntzaileko lan-baldintzen eta enpleguaren kaltetan har daitezkeen neurri guztiei.