Mercedes-Benz multinazionalaren Gasteizko lantegiko suhiltzaileak astebetez greban

Zoritxarrez ohikoa denez, Mercedesek ez du behartu esleipena irabazi duen enpresa lanpostuetan zeuden langileak subrogatzera.
Ari garen honetan 18 langile dira patronal handiaren jazarpena euren larruan jasan behar dutenak.
Esleipena galdu duen enpresak (Servimax) ez die kalte-ordainik eman nahi, ezta euro bat ere, 14 urterainoko antzinatasunak izan arren; eta esleipena irabazi duenak (Falck), lanean jarraitu ahal izateko, jarri dien lehenengo baldintza soldata jaistea da, duten esperientziaz baliatu nahi den bitartean.
Horiek horrela, eta egoera ikaragarri horretan daudela, greba mugagabea erabaki dute, harik eta lanpostuak baldintza duinetan ziurtatzen dizkieten arte. Mercedesen beraren, Servimax-en eta Falck-en jokabide hori ezin onartuzkoa da: lanpostua galtzeko xantaiapean, jaso izan duten soldataren jaitsiera nabarmena onartzera behartzea.
Langileen ordezkariak, beren esku izan dituzten modu guztiak erabiliz, saiatu dira gatazka konpontzen, grebara jo beharrik ez izateko; baina Falck-en jarrera tematiak eta Mercedes Benz-en geldotasunak ez diete langileei beste biderik utzi, eta guzti-guztiak daude greban.
Bide batez, denen aurrean eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailari egin beharrekoak egin ditzan, Servimax-eko langileen lanpostuak eta lan-baldintzak ziurtatu ditzaten.