Mercedes-Benzen parte den Aguinaga Comercial kontzesionarioetan Hitzarmena sinatu du ELAk, hiru hilabeteko greba mugagabea eta gero

2023/01/27
KPIaren gainetiko soldata igoerak, lanaldi murrizketa eta lizentzien hobekuntza bermatuko ditu akordioak, besteak beste. Baikor agertu da Euskal Sindikatua, eta baldintzak hobetzeko orduan mobilizazioek duten garrantzia azpimarratu nahi izan du.

Aguinaga Comercialekin ELAk sinatzen duen lehen Hitzarmena da hau. 120 langile inguru ditu enpresak Bilbo, Barakaldo eta Leioan dituen kontzesionarioetan eta Bizkaiko Metalaren sektorean kokatzen da. Irabazi handiak ditu enpresak eta joan den urriaren 27an hasi zuten greba mugagabea langileek.

Hitzarmenak, besteak beste, honako hobekuntzak jasotzen ditu:

  • 2022, 2023, 2024 eta 2025 urteetarako KPItik gorako soldata igoerak.
    KPItik gorako igoerak hurrengo lau urteetarako, antzinatasunaren kontzeptuan. 1993tik izoztuta egon da igoera hori hitzarmen sektorialean.
    Lan baldintzak blindatzeko inaplikazio klausulak.
    Lanaldi murrizketa.
    Enpresak errelebo kontratua egiteko derrigortasuna, baldintzak betetzen dituzten pertsonentzat.
    Lizentziak hobetzea eta bajak hobetzea.

Langileentzako bermeak, aberastasunaren banaketa justuagoa eta soldaten defentsa dakarren Hitzarmena modu positiboan baloratu du ELAk, eta langileen borroka antolatuak merezi duela argi uzten duela esan du.