Mercedesek ABEE erabili nahi du malgutasun mugagabea izateko

ELAren iritziz, ezin da justifikatu Mercedeseko zuzendaritzak Gasteizko lantegia produkzioan markak hausten ari denean aurkeztu zuena bezalako “Prebentzio Aldi Baterako Erregulazio Espedientea“. Gauzak horrela, ELAk uko egin dio Mercedesen eta UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuen artean lortutako akordioari, hau da, langile guztientzako gehienez 30 laneguneko ABEE bat adosteari, urtea amaitu arte. Sindikatuak kritikatu du, gainera, ez zela beste alternatibarik aztertu eta ez zela negoziaziorik egon; izan ere, aipatutako sindikatuen sinadura lehenengo bileran iritsi zen, espedientearen azalpen-memoria entregatu eta minutu gutxira.
Sindikatuaren iritziz, Mercedesek lan-erregulazioko espedientea malgutasun mugagabea izateko erabili nahi du. Ildo horretan, ELAk berriz ere salatu du enpresa batzuk neurri traumatikoak erabiltzen ari direla nahierara malgutasuna lortzeko.
ELAk Aldi Baterako Erregulazio Espediente horri uko egitearen beste arrazoi bat da sinatutako baldintzek oso egoera ahulean uzten dituztela behin-behineko kontratatu berrien kolektiboak eta hornitzaileen parkeko azpikontratetako plantillak; izan ere, horiek ere ABEEen negoziazio oso baldintzatuen mende daude, nahiz eta Mercedesen oso egoera desberdinetan egon.