Mercedesen 600 kontratu mugagabe iragarri badituzte ere, praktikan aldi baterako 500 kontratu baino gehiago izan beharko lirateke dagoeneko mugagabe

2017/09/22
ELAk salaketa jarri zuen atzo Arabako Lan Ikuskaritzan, (LAB eta ESK sindikatuen atxikimendua jasota) Mercedes lantokian langileek kontratazioetan pairatzen duten iruzurra salatzeko asmoz. Izan ere, eta eskainitako prentsaurrekoan azaldu duten bezala, “gaur egun, gure enpresan lanean diharduten langileen artean, 500 baino gehiago dira legez kontrako kontratua dutenak”. Sindikatuen ustez, “praktikan, ehundaka lankide dira aldi baterako kontratuarekin lanean ari direnak, benetan, egiturazkoak diren lanpostuak betez”.

ELA, LAB eta ESK sindikatuek Mercedesen langileek bizi duten iruzurra salatu dute. Halere, prentsaurrekoan baieztatu dutenez, prestutasun osoa dute enpresarekin akordioa erdiesteko. Honako hauek dira mahai gainean dauden gaiak: aldi baterako legez kontrako lan kontratuen egoera iraultzea, atal sindikal guztiak lan batzordeetara joan ahal izango direla bermatzea eta, langileak kontratatzean eta aldi baterako kontratuak mugagabe bilakatzean gardentasunarekin egingo dela bermatzea.

ELA, LAB eta ESK sindikatuen aburuz, albiste ona da Mercedesen enplegua egonkortzea 600 kontratu mugagabe eginez. Edozein kasutan, azpimarratu nahi izan dute orain dela urtebete hasi zirela sindikatuak horixe bera aldarrikatzen, eta gaur egun dagoeneko ez dela nahikoa 600 kontratu mugagabe bakarrik egitea.

Iragarri dutenez, datozen asteetan dokumentu bat aurkeztuko diete gainontzeko atal sindikalei eta enpresari, arazoa konpontzeko abiapuntua izan daitekeen dokumentua, hain zuzen ere. Sindikatuen esanetan, dokumentu hori klabea izan daiteke langile bat kontratatzeko orduan; pertsona guztiek tratu bera jasoko dutela eta euren kontratazioa modu gardenean egingo dela ziurtatu dezake. Era berean, aldi baterako kontratuak mugagabe bilakatzean ere gardentasuna eta tratu berdintasuna bermatzeko bidea ziurtatu dezake dokumentu horrek.