MERKATARITZAKO GREBAK ERAGIN HANDIA IZAN DU BILBON

2003/12/23

ELA, LAB eta ESK sindikatuek Bizkaiko merkataritzan deitu duten grebak eragin aski handia izan du Bilbon, batik bat Gran Via eta Zazpi Kaleetan.

Cortefiel, Zara, Stradivarius eta Marionnaud-en moduko enpresa handietako beharginek grebarekin bat egin dute goizeko lehen orduetatik. Hauekin bat egin dute hainbat herritako langileek, eta bostehundik gora bildu dira; hauek pasa ahala dendak itxi egin dira.

Greba deitu duten sindikatuek ongi irizten diote sektorean deialdiak izan duen erantzunari, hitzarmenaren alde honelako mobilizaziorik duela hogei urtez gero ez baitzen ikusik.

ELA, LAB eta ESKk espero dute Cebek Bizkaiko patronalak bere jarrera berriro hausnartuko duela, datozen egunotan salmentei eta eguneroko martxari eragin dien gaurko egoera ezohikoa errepika ez dadin.

Hain zuzen, greba bultza duten sindikatuek salatu egin dituzte Cebek enpresari-elkarteak akordioa itxi nahi luketen enpresariengan eragiten duen presioa. ELA, LAB eta ESKren irudiko, honek patronalaren jarrera islatzen du: nahiago du gatazkari eustea akordio orekatua lortzea baino, merkataritzan lan egiten dutenen eskaria asetzea baino.

Sindikatuen errebindikazioetan soldata igoerak jasotzen dira (%4,8 2002rako, %4,9, 2003rako eta KPI+1 2004rako). Gainera, hiru urteetan lanaldia 24 ordu murriztea eskatzen dute, eta lana astelehenetik larunbatera egingo dela ezartzea.

Honen aurrean, merkataritzako patronalak hiru urte horietarako %4,8, 3, 6 eta 3ko igoera eskaitnzen du, eta lanaldia guztira 18 ordu murriztea.

Merkataritzaren alorrean sinatzeke dauden hitzarmenak metalekoa, orokorra, oihalena eta altzariena dira; guztira, Bizkaian 13.000 beharginek dihardute sektoreotan lanean.