Mixel Berhokoirigoinen heriotza kolpe gogorra izan da ELArentzat

2021/05/08
Mixel Berhokoirigoinen heriotza kolpe gogorra izan da ELArentzat, baita mugimendu abertzale guztiarentzat ere. Horregatik, Nazio Batzordeak une beltz honetan besarkadarik beroena helarazi nahi die bere senide eta gertuko lagunei.

ELAko militanteok eta zuzendaritzak uste dute pribilegioa izan dela bere adiskide izatea. Pertsona eredugarria izan da, benetako nekazari eta sindikalista eta goitik beherako lider abertzale buruargia. Bestalde, tradizio politiko oso ezberdinetako jendeak aitortu izan du bere figura, gure herrian nahiz mugetatik haratago. Harekin ikusmoldeak eta borrokak partekatu izan ditugu, esaterako Euskal Herriko Laborantza Ganbararen ingurukoa, zeinaren lehendakari ere izan zen.

Azken urteetan erreferentziazko militantea izan da bakearen, ETAren armagabetzearen eta euskal presoen agendan. Azken bururaino borrokatu zen inork ez zezan gehiago herria ahotan hartu bakea ez eraikitzeko asmoz. Horregatik, 2017an ELAren Kongresu Konfederalak omendu egin zuen gainerako Bakegileekin batera. Ziur gaude bere lana, agenda hauetan zein beste batzuetan, ez dela alferrik galduko, Berhokok parte hartzen zuen borroketan oinarri militantea hedatzeari eman baitzion bizia.

Euskal Herriak Mixel Berhokoirigoinen heriotzarekin buruzagi benetan handia galdu du. Gure nazioaren eraikuntzari egin dion ekarpena beti aitortu eta gogoratuko dugu. 

Mila esker, Mixel. Agur eta ohore!