ELAk arbuiatu egin du CCOOk eta UGTk Alestis enpresan sinatutako enplegu erregulazio espedientea onartzen duen epaia

2021/05/10
ELAk jakin duenez, Auzitegi Nazionalak babestu egin du Alestis enpresak aurkeztutako enplegu erregulazioko espedientea. CCOOk eta UGTk ontzat emanez sinatu zuten, eta Miñaoko lantegiari eragiten dio, Gasteizen.

Enplegu erregulazioko espedientearen ondorioz, 56 pertsona kaleratu zituzten, eta beste 21 kaleratze eta aurre-erretiro "behartu" egon ziren. Ondorioz, lantegiko lanpostuen erdiak suntsitu dira.

Epaiak ezetsi egiten du ELAk eta CGTk aurkeztutako demanda, uste baitu ez dela urratu negoziazioan fede ona; izan ere, epaiak berariaz jasotzen duen bezala, kaleratze kolektiboa gehiengoak adostutako akordio batekin amaitzeak fede ona egon dela esan nahi du. Hala ere, kaleratzeetarako erabilitako irizpideei dagokienez, ez da eztabaidaren muinean sartzen, eta banakako eskaeretarako atea irekita uzten du.ELAk arbuiatzen du epaitza, eta ukatzen du alegatzen diren egiturazko kausak daudela, eta ontzat ematen direla, Negoziazio Mahaian gehiengoak onartu dituelako. Izan ere, paradoxa honako hau da da: Miñaoko lantegian CCOOk ez du ordezkaririk.

Horrelako epaiek agerian uzten dute langileentzako biderik bermatzaileena borroka sindikala dela, eta greba dela gure lanpostuak babesteko tresnarik eraginkorrena. Ildo horretan, errekurtsoa jartzeko arrazoiak daudela uste du ELAk, eta datozen egunetan epaiaren azterketa zehatza egin eta errekurtsoa jartzeko aukera aztertuko du sindikatuak. Gogoratu behar dugu enpresa horren atzean Aciturri Taldea eta Gobernua (PSOE-Podemos) daudela, SEPIren bidez. Hori dela eta, langileen interesak defendatzen dituzten alderdi politikoei dei egin nahi die sindikatuak: hainbeste enplegu suntsitu dituzten eta enpresei karta zuria ematen dieten lan-erreformak erabat indargabetzeko garaia da.