METALGINTZA

Microdecoko greban dauden langileek manifestazioa egin dute

2023/11/17
Microdeco enpresan greban dauden langileek greba mugagabearen bosgarren egunean enpresatik abiatu eta Ermuan amaitu den manifestazioa egin dute gaur. Gogoratu behar da azaroaren 13az geroztik plantilla greban dagoela, eta langileen % 100a jarraipena daukala.

Aste honetan bertan, Bilboko Merkataritza 2. Arloko Epaitegiak kaleratze autoa eman du, plantillan geratzen diren 88 langileetatik 34 kaleratzeko. Aipatu behar da auto hori Bizkaiko Lan Ikuskaritzaren ebazpenean oinarritzen dela, kaleratzeak guztiz ontzat ematen baititu azken honek.

ELAk salatzen du Eusko Jaurlaritzako Lan Agintaritzak (Ikuskaritzako arduraduna) ez duela kontuan hartu ELAk aurkeztutako alegazio bakar bat ere. EEEa gaizki planteatuta egon da eta bidegabea da guztiz.

Oso larria da Lan Agintaritzak, besteak beste, inolako lotsarik gabe onartu izana Microdecoko produkzioko emakume guztiak kaleratzea. ELAren ustez, jarduera horren atzean enpresaren interesak ontzat emateko erabaki argi bat dago. Onartezina da azaroaren 30eko greba orokor feministaren atarian Administrazioak Microdecon emakumeak kaleratzeko baimena eman izana, emakume izate hutsagatik kaleratuak izan direnean.

Azkenik, ELAk adierazi nahi du enpleguaren eta industria mantentzearen alde borrokatzen jarraituko duela, eta kaleratzeen autoaren aurkako errekurtsoa iragarriko duela. Era berean, grebarekin jarraitzeko eta beren eskubideen alde borrokatzeko deia egin die langileei.