Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata (LGS)

Mikel Torresek uko egin dio ELArekin eta LABekin biltzeari

2026/09/10
Mikel Torresek uko egin dio ELArekin eta LABekin biltzeari
EAEko lehendakariorde ere baden Lan sailburuak apirilean ELAri eta LABi mehatxu egin zien ez zutelako Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parte-hartzen; bada, hilabete gutxiren ondoren uko egin dio langileen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuekin biltzeari. ELAk eta LABek greba orokor arrakastatsua egin zuten martxoaren 17an beste sindikatu eta eragile batzuekin batera. “Mikel Torresen jarrera erabat autoritarioa eta antidemokratikoa da, eta talka egiten du euskal gizartearen gehiengoaren nahiarekin”, kexu dira sindikatuak.

Martxoaren 17ko greba orokor arrakastatsuaren aurretik, ELAk eta LABek bilera eskatu zioten Mikel Torres Lan sailburu eta lehendakariordeari. Sindikatuon helburua zen interlokuzio bat irekitzea gobernuarekin, Eusko Jaurlaritza Euskal Herriko langileen beharretara moldatzen den Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) baten alde inplikatu zedin. Orduan ere Mikel Torresek uko egin zion langileen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuekin biltzeari, eta ez zuen inongo ekarpenik egin gatazka ekiditeko.

Ondoren, apirilean, bere jarrera antidemokratikoa eta autoritarioa erakutsi zuen: ELA eta LAB mehatxatu zituen Elkarrizketa Sozialean parte-hartzen ez dutelako eta hitzez-hitz esan zuen sindikatu nagusien jarrerak “ondorioak” izango zituela.

Bada, berriz ere sindikatuek LGSri buruz hitz egiteko bilera eskatu dutenean, Mikel Torresek uko egin dio bilera emateari. “Lan sailburuak erakusten du sail horrentzat elkarrizketa beren helburu politikoak berresteko tresna bat besterik ez dela; horregatik nahi ditu ELA eta LAB Elkarrizketa Sozialeko Mahaian, eta horregatik egiten dio uko gizartearen gehiengo zabal baten nahia den LGSri buruz hitz egiteari”, diote sindikatuek.

Gogora ekarri behar da, gehitu dute, Lan Sailak eskatu ziola Eusko Legebiltzarrari sindikatuek aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea ez izapidetzea, ia 150.000 euskal langileren sinadura jaso arren.

Martxoaren 17ko greba orokor arrakastatsuaren ondoren, hitzarmenetan Gutxieneko Soldata borrokatzeaz gain, ELAk eta LABek interlokuzio fase bat ireki dute instituzioekin eta ordezkari politikoekin, gatazka bideratzeko eta euskal langileek Gutxieneko Soldata propio bat izateko duten eskubidea gauzatzeko, besteak beste 140.000 langileri beren soldata 1.500 eurotara igotzeko. Fase hau akordiorik gabe amaituz gero, ekinbide berriei heltzeko unea izango da.

“Hala balitz, Mikel Torres lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua izango da erantzule politikoa, sindikatuekin gai honen inguruan biltzeari uko egin eta gero”, azaldu dute ELAk eta LABek.