Mikel Zabaltza hilda agertu zela 25 urte betetzen dira

2010/11/26
Urteurren beltz hau dela eta, ELAk berriro plazaratu nahi du sarri egin izan duen exiJentzia, torturak bertan behera utz daitezela. ELAk eutsi egingo dio pertsona guztientzako eskubide eta askatasun guztien aldeko konpromisoari.

Aste honetan 25 urte betetzen dira Mikel Zabaltza Donostiako Tranbiaren Konpainiako (CTSS) langilea Bidasoa ibaian hilda agertu zenetik; Guardia Zibilak atxilotu eta hainbat egunetara gertatu zen hori. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak duela gutxi berretsi egin du sumarioa artxibatzeko erabakia, eta honek zigorrik gabe uzten ditu Mikel Zabalzaren heriotza eragin zuten torturen arduradun politiko zein egileak.

 

Urteurren beltz hau dela eta, ELAk berriro plazaratu nahi du sarri egin izan duen exiJentzia, torturak bertan behera utz daitezela. Argitara ateratzen diren tortura kasuak ez dira bakanak; aitzitik, sistemaren baitan gertatzen dira, inkomunikazio aldiarekin honelako jokabideei atea irekitzen baitzaie, eta gainera, behin eta berriz egiten diren tortura salaketak ukatu egiten baita gertakari hauek ikertu eta argitzeko aukera.

 

ELAk exiJitu egiten du, langile hau hilda agertu zenean bezala, inkomunikazio aldian atxilotuek esparru polizialetan pairatzen duten indefentsioa desagertzea, eta behar besteko protokoloak ezar daitezela tortura behin betiko saiheste aldera.

 

Azkenik, ELAk eutsi egingo dio pertsona guztientzako eskubide eta askatasun guztien aldeko konpromisoari, baita tortura salatu eta borrokatzeko borrokari ere.

Bihoa gure besarkada eta elkartasuna Mikel Zabaltzaren senideentzat.