Mikel Zabalza oroitzeko ekimen ugari

2015/11/09
Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak ekitaldi ugari prestatu ditu Mikel Zabalza (Orbaitzeta, Nafarroa, 1952) zena oroitzeko. Izan ere, azaroan 30 urte betetzen dira Zabalza atxilotua izan eta bere hilotza Bidasoa ibaian agertu zenetik. ELAk urteurren hau baliatu nahi du beste behin gertatutakoa behingoz argitu dadila exijitzeko.

1985. urteko azaroaren 26an Espainiako Guardia Zibilak hainbat lagun atxilotu zituen Donostian, Errenterian eta Orbaitzetan. Atxilotuen artean Mikel Zabalza gaztea zegoen, Donostiako Tranbiaren Konpainiako langilea eta gure sindikatuko afiliatua. Hurrengo egunean Guardia Zibileko iturriek Zabalza desagertu zela zabaldu zuten. Handik eta 20 egunetara, abenduaren 15ean, bere hilotza Bidasoa ibaian agertu zen, Endarlatsa parean.

Bertsio ofizialaren arabera, atxilotze aldian zulo bat miatzera joan zirenean Zabalzak ihes egin zuen bere zaintzaz arduratzen ziren Guardia Zibiletatik, eta ihesa horretan zendu zen, itota. Hala ere, inork gutxi sinesten du bertsio ofiziala, ez garai hartan ez gaur egun. Nahikoa lekukotza, zantzu eta froga daude Zabalza jasandako tortura basatien ondorioz zendu zela ondorioztatzeko. Horregatik, ELAk heriotza honen urtemugan, gertatutakoa salatzeaz gain, Zabalzaren familiak egia, justizia eta memoriarako duen eskubide osoa azpimarratu nahi ditu.

Oroimen ekintza ugari

Azaroaren 11n Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak aurkezpena egingo du 11:00tan Aieteko Bakearen Etxean (Donostia). Bertan, azaroan zehar egingo diren ekitaldi ezberdinak azaltzeaz gain, “Galdutako objektuak” proiektu dokumentala aurkeztuko da. Ondo-bidean dokumentala 2016ko urrian estreinatuko da.

Herri ekimen honen ordezkariek azpimarratzen dutenez, dokumentalak pausoak eman nahi ditu egia, aitortza, erreparazioa eta justizia aldarrikatzeko bidean. “Aste gutxi barru gertakarien 30. urteurrena beteko da, eta familiak egia jakin gabe jarraitzen du. Gainera, izenburu hori hautatu izana ez da kasualitatea. Mikelen desagerketa iragarri eta hurrengo egunean bere senideak Guardia Zibilak Intxaurrondon zuen koartelera joan ziren. Euren senidearen inguruan galdetzean euren mintzakideek Mikel 'galdutako objektuen' atalean bilatzeko 'gonbita' luzatu zieten”.

Hurrengo hitzordua azaroaren 19an izango da Larratxoko Zentro Zibikoan; bertan “Lasa eta Zabala” filma emango da. Azaroaren 21ean, larunbata, hitzordua Mikel zenaren jaioterrian izango da. Lehendabizi 10:30tan omenaldia eskainiko zaio Orbaitzetan; ondoren bildutakoak Garraldara joango dira, 12:30tan hasiko den ekitaldira.

Azaroaren 23, astelehena, 19:00etan “Galdutako objektuak” dokumentala eta “Intxaurrondo, la sombra del Nogal” liburua aurkeztuko dira Donostiako Bidebieta auzoko Auzoenea kultur-gunean. Ostegunean, azaroak 26, mahai ingurua egongo da Tomaseneako Harri Gorri gunean (Donostia); bertan Mariano Ferrer, Paco Etxeberria eta Iñigo Iruin mintzatuko dira. Azkenik, azaroaren 29an, igandea, hitzordua Altzagainan izango da. Bertan herri omenaldia egingo zaio 12:30etatik aurrera.

Dokumentala finantzatzeko kanpaina abian

Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak diru-bilketa kanpaina jarri du martxan. Izan ere, agerikoa den bezala, dokumentala zein herri ekimen hau aurrera eramateko ezinbestekoa da hainbat gasturi aurre egitea. Erraza da oso finantziazio kanpainan parte hartzea; aski da ekimenaren web orrialdean sartzea. Bertan dokumentalaren zein ekimen honen inguruko informazio guztia eskuratu ahal izango da. Informazio gehiagorako:

http://www.mikelzabalza.eus