Mila lagunetik gora manifestatu dira Gasteizen greba orokorraren alde

2012/03/12
Mila lagunetik gora manifestatu dira Gasteizen greba orokorraren alde
Manifestazioa hasi aurretik batzarra egin dute Gasteizko Europa Jauregian. Ekitaldi honetan, Adolfo Muñozek, Txiki, hartu du parte. Muñozek martxoaren 29ko greba oso ongi aterako dela baieztatu du, eta borrokan dagoen jendearentzat eta giza mugimenduentzat “arnasa izango dela”.

ELAko idazkari nagusiarekin batera, Joseba Villarreal, negoziazio kolektiboko arduradunak eta Begoña Vazquez, Gasteizko eskualdeko buruak hartu dute hitza Europa Jauregian.

Muñozek esan du “lan erreforma soldatak jaisteko egin dela eta, bide batez, herri honetako gehiengoa txirotzeko”. “Gezurra da enplegu gehiago sortuko duenik. Egoera berria langileak beldurtzeko erabiliko eta patronalak egingo dituen xantaien aurrean borroka kolektiboa beste biderik ez dago; horretarako dago sindikatua”, adierazi du.

“ELAk badaki gobernuek eta ugazabek oso egoera gogorra ezartzen digutela, eta negoziazio kolektiboa soilik esparru batzuetan izango dela posible, sindikalizatzea (afiliatu eta antolatzea alegia) lortzen dugun esparruetan. Horixe baita, ez besterik, betidanik sindikalismoak egin izan duen lana”, azpimarratu du.