Milaka emakume kalera atera dira Gasteizen Bizkaiko Erresidentzietako langileei elkartasuna adierazteko

Manifestazioak Babesgabetuen Plaza eta Andra Mari Zuriaren Plaza lotu ditu; bertan ekitaldi bat egin da. Berdintasun arduradun Leire Txakartegik bere elkartasuna adierazi die 300 greba egun baina gehiago daramatzaten emakume hauei. “Ez zaudete bakarrik! Hemen gaude zuekin. Zuen borroka emakume guztion borroka da: garbitzaileak, kellyak, etxez-etxeko laguntzan dabiltzanak, jantokietan, sektore publikoan, etxeko langileak, industria sektorean dauden gutxiak… guzti- guztiok ordezkatzen gaituzue. Eta harro gaude zuetaz!”.
Txakartegik azpimarratu duenez, asko dago jokoan. “Egungo ereduan, zaintza lanak esparru pribatuan emakumeek egiten dituzte edo esparru publikoan enplegu prekarioaren bidez. Zaintza lanei ez zaie dagokien balio ekonomiko eta sozialik aitortzen, eta gainera negozio iturri bihurtu dira sektore honetan diharduten enpresentzat. Horixe da greba honekin lortu nahi dena: zaintza lanak duintzea, gizartean izan behar duten tokia ematea eta lan baldintza duinetan egitea, zerbitzu beraren kalitatea hobetzeko”.
Zerbitzu publikoetako ordezkari Esther Saavedrak salatu duenez, gatazka hau denboran horrenbeste luzatu bada arrazoi zehatz batengatik da: greban dauden langileak emakumeak dira. “Emakumeak gara, eta, beste behin, lan-prekarietateak emakume aurpegia du. Batzuentzako soilik etxeko bigarren soldata gara; ez gara profesionalak, baizik eta gure rol naturala hartzen dugu, eta hori hurkoa zaindu eta artatu besterik ez da. Horientzako ez daukagu ez irizpiderik ez gaitasunik gure etorkizuna erabakitzeko, soilik borroka honetan gure ondoan dagoen sindikatuaren txotxongiloak gara; batzuentzako soilik 'lau ipurdi' garbitzen ditugu, eta uste dute eskubide gehiago aldarrikatzen baditugu soilik emakume bezala dagozkigun gauzak erosoago egiteko dela, esaterako, gure seme-alabak eskolara eramatea”.
Testuingu honetan, Saavedrak gogor salatu du Bizkaiko Foru Aldundiaren eta patronalaren jarrera, eurak baitira gatazka honen arduradunak. “Orain arte eduki duten jarrera errotik aldatzea exijitzen diegu, gatazka hau lehenbailehen konpondu dadin. Guk argi daukagu, borrokan jarraituko dugu gure helburuak lortu arte”.