Milaka lagunek lan erreforma eta negoziazio kolektiboa bertan behera uztea eskatu dute Euskal Herrian, Katalunian eta Galizan

Hiru sindikatuek kalera irtetea erabaki dute, lan-erregulazioko espedienteak eta pandemiaren ostean irits daitezkeen kaleratze kolektiboak saihesteko eta euren herrialdeetan hitzarmenak negoziatzeko eskubidea aldarrikatzeko. "Milaka pertsonaren enplegua eta bizi-baldintzak jokoan daude", esan du ELAko idazkari nagusiak Bilboko manifestazioaren ostean. Hori dela eta, Mitxel Lakuntzak dei egin die euskal indar politikoei –EAJ eta EH Bildu– Madrilen duten eragina erabil dezaten 2010 eta 2012 artean, Zapatero eta Rajoyren gobernuetan, onartutako lan-erreformak eta negoziazio kolektiboko erreformak indargabetzeko. Lakuntzak onartu du ere beldur dela. “Kezkatuta gaude, uste dugulako pandemiaren aitzakia erabiliko dutela enplegua prekarizatu besterik egiten ez duten erreforma hauek ez indargabetzeko”. UGT eta CCOO sindikatuak Espainiako patronalarekin eta gobernuarekin Madrilen izaten ari diren elkarrizketen amaierarekin ere kezkatuta agertu da.
Etxera begira jarrita, Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoa eta laborala kritikatu du ELAko idazkari nagusiak. "Enplegua ez da lehentasuna Eusko Jaurlaritzarentzat. Adibide gisa, bere zuzeneko langileen artean behin-behinekotasunaren %40 edo pandemiak suntsitutako 24.000 lanpostuak ditugu, horietatik 10.000 ostalaritzan. Eta hori guztia Tapia sailburuaren isiltasunaren aurrean, irabaziak dituzten enpresek ehunka langile kalera bidaltzen dituztenean".
Gauzak horrela, Lakuntzak greba langileen oinarrizko eskubide gisa defendatu du, "Greba borrokarako tresna bat da. Lotsagarria da EAJ PPrekin eta Voxekin bat etortzea piketeei kartzela zigorra mantentzea eskatzeko. Ildo horretan, gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diet Tubacex, Aernova, ITP, Gestamp, Alestis, Zara... enpresetan lan egiten duten ehunka langileei ".
Azkenik, Lakuntzak azaldu duenez, CIG (Galizia) eta Intersindical (Katalunia) sindikatuekin batera mobilizatzea arazo komun baten ondorio da: lan-erreforma batekin amaitzea, kaleratze kolektiboak egitea ahalbidetzen duena, ia arrazoirik eman gabe, eta gure hitzarmenak gure herrialdeetan negoziatzea eragozten diguna.
Hiru sindikatuek bat egin dute euren lurraldeetako indar subiranistei Madrilen langileen interesak defendatzeko eskatzeko. "Gure kasuan, gaur egun EH-Bilduren eta EAJren botoa behar da Kongresuan legeak aurrera aterako dituzten gehiengoak lortzeko. Horregatik, ez gaitzatela saldu eskatzen diegu: ez akordio hutsengatik, konpromiso zehatzik gabe; ez bide batzuk lurperatzeagatik, ez autobide baten 25 km-rengatik. EAJ eta eh Bilduri dei egiten diegu jendearen lan eta bizi baldintzak lehentasuntzat har ditzaten ".