Milaka langile mobilizatu dira gutxieneko soldataren alde
Gaur, milaka lagun mobilizatu dira Bilboko kaleetan, gutxieneko soldata propioaren alde. Manifestazioa ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek deitu dute, patronalak eta Eusko Jaurlaritzak eragindako blokeoa salatzeko, eta Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiei herri ekimen legegilearen alde egiteko eskatzeko.
Patronalak, negoziazio kolektiboaren bidea blokeatu du, eta bitartean, Eusko Jaurlaritzak herri ekimen legegilearen aurkako txostena argitaratu du, herritarren eta langileen borondatearen aurka eginez.
Ez hori bakarrik: patronala eta Eusko Jaurlaritza sostengatzen dituzten bi alderdi nagusiak, Alderdi Sozialista eta Eusko Alderdi Jeltzalea, eskuz esku lerratu dira, herri honetako gehiengo sozial eta sindikalaren aldarrikapen legitimoari bidea ixteko asmoz.
Mitxel Lakuntzak, bere hitzartzean, azpimarratu du “Euskal Herrian gutxieneko soldatan 600 euroko diferentzia dagoela Irun eta Hendaia artean. Herri ikuspegi batetik hori izan beharko luke EAJren merkatu batasunaren erreferentzia, gure Herri Ekimen Legegileak horretan lagundu nahi du ere, mugaren bi aldeko arrakala murrizten.”
PSEri ere zuzendu zaio: “Idazkari Nagusiak, Eneko Anduezak, dio herrialde honetako erakunde batzuk proposamen identitarioak baino ez ditugula egiten. Identitarioa dena Espainiako merkatu-batasuna inposatzea da, autogobernuaren eta euskal langile klasearen ongizatearen gainetik. Langile euskaldunek ez dituzte nahi Espainiako lan-baldintzak, hainbat arrazoirengatik, baina batez ere arrazoi sinple batengatik: okerragoak direlako. Eta hori egunero erakusten da herrialde honetan. Enpresa edo sektoreko hitzarmen bat lortzen dugun bakoitzean, hainbeste kezkatzen dituen hori hausten ari gara, Espainiako merkatu-batasuna.”
Gogoan izan behar dugu 138.495 sinadura bildu zirela gutxieneko soldataren alde, prekaritate eta pobrezia egoerei aurre egiteko, eta aberastasuna bidezko moduan banatzearen alde. Sinadura horiek herri honen gehiengoaren borondatea islatzen dute.
Larria eta antidemokratikoa da Jaurlaritzako alderdiek hartu duten jarrera. Pentsiodunekin egin zuten bezala, sindikatuek bultzaturiko herri ekimen legegilea atzera bota nahi dute, eztabaida bera ukatuz. Egiteko modu autoritarioa da hori, legebiltzarreko eztabaida bera ere ukatzen duena.
Bihar, Eusko Legebiltzarrean, herri ekimen legegilea tramitera onartu edo ez eztabaidatuko dute. Gaur, mobilizazioan zehar, Eusko Jaurlaritza, Alderdi Sozialista eta Eusko Alderdi Jeltzalea interpelatu dituzte sindikatuek: herritarren borondateari men egin diezaioten eta herri ekimen legegilearen eztabaidari eta tramitazioari bide eman diezaioten. Aukera paregabea dute euren posizioa birpentsatzeko.
Lakuntzak azpimarratu du azalduezina litzatekeela “bigarren aldiz bi hilabeteetan bi Herri Ekimen Legegilei bizkarra ematea. Gutxiengo soldataz gain gizarte zibilaren parte hartze demokratikoa da jokuan dagoena, horregatik argi utzi nahi dugu gaur ere, ez dugula onartuko demokrazioaren ikuspegi autoritariorik.
Horrez gain, EAJren eta Alderdi Sozialistaren egoitzetara gutunak bidali dituzte, eskaera berbera helaraziz: bihar Legebiltzarrean, posizioa aldatu eta herri ekimen legegilearen alde egin dezatela.
Gaur kaleetan agerian geratu da: gehiengo sozialak enplegu duinak nahi ditu, gutxieneko soldata propio bat aldarrikatzen du. Bihar, legebiltzarrean alderdi politikoek zehaztu beharko dute norekin dauden: langileen eskubideak edo patronalaren interesak defendatzen.