Milaka pertsona bildu dira Bilbon Osakidetza desegitearen aurka

2022/06/26
Milaka pertsonak -sektoreko profesionalak, herritarrak eta mugimendu sozialak- Bilboko kaleak hartu dituzte gaur goizean, Osaakidetzaren desegitearen eta lehen mailako arretaren egoeraren aurka protesta egiteko. ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT eta ESK-k deitu dute manifestazioa. Sindikatuek iragarri dute Eusko Jaurlaritzak osasun-arloko politikak aldatu arte mobilizatzen jarraituko dutela.

Pasa den ekainaren 8an, Osasuneko Sailburuak oso adierazpen larriak egin zituen, eta argi utzi zituen Eusko Jaurlaritzak Osakidetzarentzat dituen planak: Lehen Arreta desegitea eta gainerako arreta zerbitzuak prekarizatzea. Eta hori guztia pribatizazioaren, zerbitzu publikoen aurkako erasoaren eta osasun aseguru pribatuen negozioaren bidean.

Adierazpen horien larritasuna eta Osakidetzan bizi den egoera larria ikusita, bereziki Lehen Arretan, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok manifestazioa deitu dugu gaurko, ekainak 26, Bilbon. Erantzuna oso jendetsua izan da, milaka pertsona bildu dira 12:00etan Jesusen Bihotzean eta Udaletxerainoko ibilbidea egin dute. Bertan, SATSE eta ELAko ordezkariek komunikatu bateratua irakurri dute.

Eusko Jaurlaritza, azken egunotan, benetan gaizki ulertu genuela eta Sailburuak beste zerbait esan zuela sinestarazten saiatu den arren, bere hitzak argiak izan ziren eta ez dute inolako nahasmenik sortzen. Sailburuak argi eta garbi planteatu zuen behin eta berriz salatu izan duguna: osasun zentroak itxiko direla; batzuk erizainek bakarrik artatuko dituztela; ospitaleetako espezializazioan sakontzen jarraituko dutela, edo bestela esanda, gaur egun eskaintzen diren zerbitzuak itxiko dituztela, EAE osoan ospitale bakar batean eskaintzeko, eta herritarrak gehiago eta maizago mugitu beharko direla.

Ohi den bezala, erabilitako aitzakia izan zen, berriro ere, langileen eskasia. Baina azpimarratu behar dugu eskasia hori erabaki politikoen emaitza dela eta gainera, eskasia hori existitzen ez den kategorietan ere erabiltzen saiatzen direla. Baina horren atzean dagoen errealitate bakarra da osasungintza publikoa indartzeko borondate eza, eta baita inbertsioa handitzeko borondate eza ere. Arazoa ez da profesionalen falta, arazoa lan-baldintza eskasak, lan-karga onartezinak, egonkortasunik eza eta behin-behinekotasun sistematikoa dira.

Zoritxarrez, sailburuak planteatutako gai asko, ez dira berriak, urteak daramatzate martxan. Horren adibide garbiak dira oporraldietako itxierak, ordutegien murrizketa edo zerbitzuen murrizketa eta zentralizazioa. Horren adibide ugari ditugu; izan ere, pandemian ere, Osakidetzak murrizketak aplikatu ditu: Deustuko edo Zumarragako EAGetan ordutegi murrizketak; Gasteizko San Martin EAGaren ixtea; Gasteizko Santiago Ospitaleko larrialdien itxiera edo Basurtuko Ospitalean bihotzeko kirurgiaren itxiera.

Uda honetan, ohi den bezala, Osakidetzak osasun zentroak itxiko ditu; beste batzuen ordutegia murriztuko du; ez ditu langile askoren oporrak ordezkatuko; are gehiago gainkargatuko ditu epe horretan lanean egongo diren langileak; eta prekarizatu egingo du herritarrei eskaintzen zaien arreta.

Hau da urtez urte aplikatzen den errezeta: prekarizatu, gainkargatu eta murriztu. Sailburuak behin eta berriz jartzen du profesional faltaren aitzakia, baina oraindik ez diogu entzun, ze plan daukan egoera horri aurre egiteko. Edo bai, plan hori argi utzi zuelako bere adierazpenetan: murriztu eta desegin.

Egoera honetan, mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa da. Ez dugu onartuko osasungintza publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa desegitea. Eusko Jaurlaritzak osasun-arloko politikak aldatu arte mobilizatzen jarraituko dugu.