Milaka pertsonak erakunde publikoen eredu soziala salatu dute Bilbon

2008/02/25
ELAk deituta 6.000 pertsona inguru bildu dira otsailaren 15ean Bilbon erakundeen politika neoliberalak salatu eta politiko publiko aurrerakoiak exijitzeko. Goizean zehar izandako protesta ekintzekin amaiera eman zaio bi hilabete luze iraun duen kanpainari. ELAk balantze oso baikorra egiten du; kanpainak etxebizitza, osasuna edota zerbitzu sozialei buruzko kezkak gizartera eta lantegietara zabaltzeko aukera eman du.

Goizeko 10:00tan ekitaldi bat izan da Bilboko La Casillako polikiroldegian. Bertan parte hartu dute arlo sozialeko arduradun Mikel Novalek eta idazkari nagusi Jose Elorrietak.

Elorrietaren esanetan “arlo honen inguruan ELAn dugun kezka oso handia da. Bi tokitatik datoz erasoak: patronaletik eta administrazioetatik. Zoritxarrez, esan dezakegu azkenean bat direla, hau da, patronalak markatzen duela administrazioaren agenda. Sanz presidentea, Ibarretxe lehendakaria eta hiru Foru Ahaldun Nagusiak indar ekonomiko handien esku daude. Argi dago enpresariek agintzen dutela. Edo, zehatzago esanda, enpresarien elite batek. Zerga politikan agintzen dute; industria-politikan agintzen dute. Detailerik txikiena ere kontrolatzen dute ”.

Kanpaina honetan zehar hamaika protesta ekintza burutu da. Hego Euskal Herriko eskualde guztietan batzarrak eta manifestazioak egin dira erakunde publikoei daramaten gizarte politikak aldatu dezatela eskatzeko. Elorrietaren iritziz, arlo honetan ditugun gabeziak propagandarekin estaltzen dira.

La Casillako ekitaldiaren ostean manifestazio batek Bilboko kale nagusiak zeharkatu ditu. Manifestazioaren ostean idazkari nagusiaren albokoak, Adolfo Muñozek, eta diruzainak, Amaia Muñoak, hartu dute hitz. "Kanpaina oso arrakastatsua izan da. Urtarrilaren 7an hasitako kanpaina honek gizarteak dituen arazo sozial nagusiak plazaratzeko tresna ezin egokiagoa izan da. Era honetan, etxebizitza, osasuna edota zerbitzu sozialei buruzko kezkak enpresetara iritsi da".

Jose Elorrietaren hitzaldia