EAEko AURREKONTUAK

Mitxel Lakuntza: “Aurrekontu hauek Urkulluren marka daramate: inertzia, autokonplazentzia eta propaganda”

2023/12/22
ELAk Bilbon militanteak bildu ditu aurrekontuen kontinuismoa salatzeko, zeinak soilik %2,7 handituko diren, zerbitzu publikoen higadura iraunaraziz.

Gasteizen Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak onartu diren egun berean, ELA sindikatuak Bilbon egindako ekitaldian salatu du kontuak kontinuistak direla eta 2023 urtearekiko %2,7 besterik ez direla handituko; ondorioz, ez dute zuzenduko zerbitzu publikoek, batik bat Osakidetzak, pairatzen duen higadura. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren iritziz, Eusko Jaurlaritzak “zientzia-fikziozko kontakizun bat asmatu du; saldu nahi digu osasungintza eta zaintza zerbitzuak bikainak direla, etxebizitza politika oso ondo doala, klima aldaketaren kontrako borroka oso ondo daramala, eta ez dagoela prekaritaterik, ezta grebak egiteko arrazoirik ere. Aurrekontu horiek Urkulluren marka daramate: inertzia, autokonplazentzia eta propaganda”.

Lakuntzak nabarmendu duenez, oso deigarria da halako kontakizun bat asmatzen dutenek esatea, gezurra dela agerikoa izan arren alde, “politikak zeharo aldatu beharra dagoela diogunok gizartean ondoeza artifizialki sustatzen dugula. Osakidetzako hitzorduak eskatu eta urtebetera ematea, hilean 1.000 euro azpitik bizileku duinik alokatzeko modurik ez izatea, edota zahar etxe bateko egoiliar bakoitzak batez beste 16.000 euro ordaindu behar izatea... hori dena ez da inoren asmakeria. Kontrara: errealitate hori sortu da Jaurlaritzaren politikak askoz gertuago daudelako jendearen beharrizanekin negozio egiten dutenengandik, botere ekonomikoetatik, jendearen arazoak konpontzetik baino”.   

“Gobernuek -jarraitu zuen Lakuntzak- aberastasuna banatzeko politika baztertu dute. Ez da etekinen banaketaz hitz egiten. Soilik sindikatuok egiten diogu aurre banaketa injustu horri”. Edonola ere, “ELAk hori ez du ontzat emango eta gizartean dagoen haserrea eta ondoeza antolatzen jarraituko du, jendearen aldarriak entzunak izan daitezen”.

Aitor Murgia ELAko Azterketa Bulegoko kideak duela zenbait aste plazaratutako dokumentuaren laburpena egin du. Bertan, Eusko Jaurlaritzaren propaganda nabarmen uzten da: “Ez da egia aurrekontuak historian izan diren handienak direnik. Urtero istorio bera errepikatzen zaigu, baina hori erdi egia besterik ez da, benetan ezkutatu egiten baita aurrekontua inflazioa baino gutxiago ere haziko dela”. Murgiak Osakidetza aipatu du bereziki, sail honetarako gastua %0,37 baino ez baita handituko: “Aurrekontu honek bermatuko du osasun sistemaren arazoak areagotu egingo direla”.

Bestalde, Xabi Zabalak -hori ere Azterketa Bulegoko kideak- nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek ez dizkietela enpresei zerga handiagoak ezarri nahi: “Fiskalitatean aberatsentzako eta kapitalarentzako low cost eremu bat gara”.

Iratxe Mier Gizalan Zerbitzu Publikoetako antolakuntza arduradunak izan berri diren mobilizazioei buruzko iritzia eman zuen: “Grebei esker lortu dugu soldatak eta birjartze tasak hemen negoziatzeko atea irekitzea, hau da, Madrilen erabakitako irizpideak derrigor aplikatu behar ez izatea. Urrats hau, nahikoa ez izanagatik ere, gauzatzen asmatu behar dugu”.

Halaber, Bilboko ekitaldian bi mahai inguru izan dira. Lehenengoan ELA-Hezkuntzako Ane Bilbaok azaldu du zergatik den sindikatuarentzat atzo Legebiltzarrean onartutako Hezkuntza Legea: “ez da aldaketarik izan”, esan du. Ondoren, Leire Gallego (Ekintza Soziala) azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraz mintzatu da: “ELAk greba honetan sistema publiko, unibertsal, doako, kalitatezko eta erantzukidearen alde egin du. Zaintza eztabaidaren erdigunean kokatu dugu eta gure aldarriak defendituko ditugu aurrerantzean ere, negoziazio kolektiboan eta erakunde zein indar politikoak interpelatuz”. Osasun Publikoaren aldeko Plataformako Mireia Saizek agerian utzi ditu osasun sistemaren gabeziak, eta gogoratu du lan prekarioa Osakidetzan arau orokorra dela.

Bigarren mahai inguruko gaiak, berriz, etxebizitza, diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta trantsizio ekosoziala izan dira. Etxebizitzari buruz Mirari Ullibarrik (Ekintza Soziala) argi adierazi du sindikatua ez datorrela bat eskubidearen ordez laguntza ekonomikoak ematearekin, areago horiek murriztu direnean. Ullibarrik galdegin du “legez bermatzea etxebizitza izateko eskubidea, eta bertan behera utzi behar da jabez osatutako herri bat izan behar garela, eta ez proletarioz osatua”. Janire Landaluzek (Azterketa Bulegoa) salatu du prestazio sozialak jasotzen dituen jendea kriminalizatu egiten dutela, eta DSBEan eragindako murrizketak aipatu ditu, “aurreko legearekiko hilean 200 eta 300 euro bitarteko jaitsierak”. Ainhara Plazaolak (Ingurumena) azaldu du Eusko Jaurlaritzak gauza bat esan eta kontrakoa egiten duela: “Aurrekontuek egungo eredu ekonomikoa betikotzen dute. Ez dago trantsizio energetikorik, ez bestelako eredu industriala ezartzeko asmorik, ez eta banakoen mugikortasuna gutxitzeko  ere”.

Leire Regadasek (Komunikazioa) Palestinako egoera ondo ezagutzen du, hainbat aldiz izan baita bertan, eta gogoratu du palestinar herria apartheid sistema baten pean bizi dela, Israelek duela 75 urtetik hona ezarritako kolonizazio eta okupazioa pairatuz. ELAk aldarrikatu du bake prozesu bati ekin behar zaiola, Palestinak estatu burujabe izateko duen eskubidea bermatzearren.