Mitxel Lakuntza: “De Miguel auziaren atzean baliabide publikoekin negozioa egitea ahalbideratzen duen pribatizazio sistema oso bat dago”

2023/01/13
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak uste du De Miguelen auziak agerian utzi duela Euskal Herrian "ustelkeria bazegoela eta badagoela", eta EAJri halako kasu larri baten aurrean, determinazio falta leporatu dio.

"Ustelkeria trama larri baten aurrean gaude, EAJko kide garrantzitsuekin, euren eraginaz eta posizio politikoaz baliatu direnak negozioa egiteko, benetan larria dena. Baina kezkagarria ere bada EAJk bere alderdian ustelkeria kasu honen aurrean izan duen jarrera epela. 10 hilabete baino gehiago behar izan ditu auziperatutako kideei alderdiaren txartela kentzeko, eta akusazioak eta ikerketa irekita zabalik zegoen arren, inolako eragozpenik gabe jarraitu zuten lanean. Ustelkeria kasuen aurrean irmo jokatu behar da, eta EAJk ez du egin".

Idazkari nagusiarentzat, gainera, kasu honek azalaeratzen du sakoneko arazoa: egungo lizitazio sistemaren hutsuneak eta gabeziak. "De Miguel auziaren atzean pribatizazio eta lizitazio sistema oso bat dago, enpresei arlo publikoarekin negozioa egiteko aukera ematen diena eta ustelkeriarako baldintzak sortzen dituena. Hori da sakonean dagoena".