Mitxel Lakuntza: “EAJ eta EH Bilduren konpromisoa entzun nahi dugu esanez Madrilen ez dituztela murrizketak babestuko”

2021/09/14
“Badakigu mobilizazioetara jo beharko dugula”, ziurtatu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, datozen hilabeteotan langile askoren lan baldintzak “jokoan” izango direlako. Erronka nagusien artean jo ditu pentsioen murrizketak eta lan erreformak ahalbideratu dituen estatalizazioa eta kaleratze kolektiboak. Horiei aurre egiteko EH Bilduren eta EAJren kontrako bozkak beharrezkoak izango direla gogoratu du: “Madrilgo gobernuak ez du gehiengoa parlamentuan, eta euskal alderdien bozkak beharko ditu. Horregatik, euren konpromisoa entzun nahi dugu esanez Madrilen ez dituztela pentsioen murrizketak babestuko, eta, lan erreformari dagokionean, bermatuko dutela lan hitzarmenak hemen sinatu ahal izango direla”.

Greba Orokorrari buruz galdetuta, “greba eraginkorra” lortu behar dela azpimarratu du, eta horretarako ezinbestean datozen aldaketa eta murrizketak aldez aurretik ezagutu behar direla dio, horiei erantzun egokia emateko. Era berean, oso kezkatuta azaldu da lan istripu eta heriotza zifra jasangaitzekin, eta gogorarazi du elkarrizketa sozialaren mahaietan patronalak beto gaitasuna izaten jarraitzen duela, bai Euskal Herrian, bai espainiar estatuan.

Tubacexeko negoziazioa, mikrotxipen auzia zein bestelako gaiak ere aztertu dituzte elkarrizketan. Baita ELAren azaroko kongresura begira sindikatuaren errepublikaren aldeko hautua ere. Entzun elkarrizketa osorik HEMEN: https://labur.eus/4fZIB