ELKARRIZKETA

Mitxel Lakuntza: “EAJk eta PSEk eredu korporatiboa elikatu dute Ertzaintzan eta horren emaitza ikusten ari gara”

2023/06/08
Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusia Euskadi Irratiko Faktoria saioan elkarrizketatu dute. Ertzaintzaren egoeraz, grebek hauteskunde kanpainan izan duten eraginari buruz EAJk eginiko akusazioez, Hezkuntza Legeaz eta greba feministaz mintzatu da, besteak beste.

Entzun elkarrizketa hemen

Ertzaintzaren egoerari buruzko galderei erantzunez, gatazka honen gakoa aipatu du: “Historikoki eta luzaroan, EAJk eta PSEk korporatibismoa elikatu dute, sindikatu batzuekin batera eredu bat indartuz, eta horren emaitza ikusten ari gara orain. Gogoratu behar da orain dela 20 urte ELA lehen sindikatua zela. Beste polizia eredua jorratu nahi genuen, hurbilagoa, herrikoia, euskalduna… baina negoziazio kolektiboan oso sindikatua deserosoa ginenez, Eusko Jaurlaritzak nahiago zuen sindikatu korporatiboak indartu”.

Gaur egungo gatazkaren inguruan, Lakuntzak azpimarratu du “Ertzaintzaren barruan, ELA izan dela mugimendu antisindikal horren aurrean men egin ez zuen sindikatu bakarra, eta gure afiliatuek presio izugarriak pairatu izan behar dituzte; Ertzaintzak aldaketa sakona behar du, eta bere ereduak azpikultura polizialetik aldendu behar du”.

Beste galderei erantzunez, Lakuntzak gezurtatu du “ELAren mobilizazioak prest zeudela hauteskunde kanpainan eragiteko; hain justu, Bizkaiko erresidentzietako akordioa sinatu genuen kanpainaren erdian, baina 68 greba egun egin ondoren; eta Osakidetzaren egoera? Kanpainan bakarrik okertu egin da?”.

Azken egunotan ere, Hezkuntza Legea izan da hizpide nagusienetariko bat. Lakuntzaren esanetan, “LABen sinadura ezin da ulertu ikuspegi sindikal batetik; behin-behinekotasunak %30tik gora jarraituko du, enplegua ez da bermatzen, eta eskola orduen %80 gaztelaniaz edo ingeleraz emateko bidea irekitzen da… LAB etorri da EH Bildu eta EAJren arteko akordioari (Hezkuntza arloan) babesa emateko”.

Elkarrizketa bukatu da greba feminista orokorraren inguruko aipuarekin: “ELAk bat egiten du deialdiarekin -gogoratu du Lakuntzak-, eta horri ekingo diogu hurrengo hilabetetan”.