Mitxel Lakuntza: “ELAk ez du bat egingo langileak are gehiago pobretuko dituen errenta akordioekin”

2022/04/06
3.000 lagun baino gehiago elkartu dira Bilboko La Casillan Hego Euskal Herriko 541.000 langile prekarioen egoera salatzeko ekitaldian. Manifestazioa egin dute ondoren. Herritarrak pobretzen dituen energia negozioa iruzurtzat jo, eta publifikazioaren alde egin du ELAk. Baita soldatak KPIaren arabera igotzearen alde ere.

Prekaritatearen kontrako konpromisoa berretsi du gaur ELAk Bilboko La Casilla kiroldegian egindako ekitaldian, sindikatuko 3.000 lagunen aurrean, eta prekaritateari aurre egiten ari diren langileen lekukotzekin eta sindikatuko ordezkariekin.

Bertan, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak azpimarratu du ezin dela “normalizatu” Hego Euskal Herrian gutxienez soldatapeko 541.000 prekario izatea, eta horri aurre egiteko gutxieneko 1.381 euroko soldata, KPIaren araberako soldata igoerak, langile publikoen kontsolidazioa, ikuskarien kopurua bikoiztea, azpikontratatutako langileentzat subrogazioa, zein energia enpresen publifikazioa eskatu ditu, besteak beste.

Izan ere, lan prekaritatea denon “arazo soziala” dela garbi du Lakuntzak, lan baldintza kaskarrek gero eta heriotza eta gaixotasun gehiago sortzen dituelako. “Prekaritatearen kontra borrokatzea langileen osasuna, eta beraz, gizartearena berarena hobetzea baita”.

Jende arruntari lapurreta

Ukrainako gerrari egotzi arren, egoera ekonomikoaren eta inflazioaren arazoa aurretik datorrela oroitarazi du Lakuntzak. “Material eta hornikuntza falta, erregaien espekulazioa edota elektrizitatearen prezioen finatzea daude inflazioaren gibelean. Eguzkia, ura eta haizea gasaren prezioan ordaintzen ari gara”. Energia enpresek 6.500 milioi euroko irabaziak izan baitituzte.

Horregatik, jendeari “lapurtzen” ari direla dio idazkari nagusiak, erakunde publikoen babesarekin. “Sanchezen gobernuak, Gasteizko zein Iruñeko Gobernuek eta Aldundiek ez dute hartu neurri bakar bat ere espekulazioa eta enpresa energetikoen etekinak mugatzeko”. Are gehiago, Aldundien zergak jaistearen proposamena “eskuinaren proposamenak” direla gaitzetsi du: “PP alderdiaren manuala da Aldundiena”.

Horren aurrean, soldaten igoera defendatzen jarraituko du ELAk, prekarizazioari aurre egiteko: “ELAk ez du bat egingo langileak are gehiago pobretuko dituen errenta akordioekin. Halakoek bakarrik balio dute enpresen irabaziei eusteko eta langileen poltsikotik akordioak ordaintzeko”.

Harriduraz ere hartu du horregatik Lakuntzak euskal ezkerrak halako hitzarmenenekin erakutsitako prestutasunak. “Zer nahi dute, euskal hitzarmenei lehentasunik ematen ez dioten patronalarekin sinatzea halako akordioak? Negoziazio kolektiboa blokeatzen duen patronalarekin?”.

Hori dela eta, gogorarazi du neurri horiek ez direla nahikoa jasaten ari garen inflazioari aurre egin, eta are gutxiago prekaritateari langa ipintzeko. “Sistema energetikoa aldatzen ez den bitartean, elektrizitatea eta erregaien prezioak mugatzen ez diren bitartean, kontrol publikoa ez dagoen bitartean lapurretak jarraituko du”.

Omenaldia eta manifestazioa

Mitxel Lakuntzarekin batera ekitaldian parte hartu dute sindikatuko honako arduradunek: David Pena (Bidelagun Fundazioaren abokatua), Leire Gallego (Gizarte Ekintzako arduraduna), Pello Igeregi (Negoziazio Kolektibokoa) eta Mari Cruz Elkoro (Zerbitzuak federazioko arduraduna).

Aldi berean, Novaltiako langileek ere hartu dute hitza, apirilean 1.000 egun beteko baitituzte greban prekaritatearen kontra borrokan. Europako grebarik luzeena bihurtu da. Eta erresidentzietako langileek ere omenaldi berezia jaso dute.

Azkenik, La Casillatik Confebaskeko egoitzaraino manifestazioan joan dira parte hartzaileak 'Lan prekario gehiagorik ez!' lelopean.