ELKARRIZKETA

Mitxel Lakuntza: “ELAk ez du sasi-akordiorik sinatuko Hezkuntzan”

2025/03/28
Mitxel Lakuntza: “Agerian geratu da Kutxabankeko presidentearen talentu falta haintzat ez hartzeko euskara aukera bat dela talentua errotzeko eta zaintzeko”

ELAko idazkari nagusia Euskadi Irratiko Faktoria saioan elkarrizketatu dute gaur; Hezkuntza publikoko grebak, industriaren egoera, gutxieneko soldata propioa, Kutxabanken presidenteak euskararen inguruan esandakoak eta ELAren 16.Kongresua izan ditu hizpide, besteak beste.

Hezkuntza publikoan aste honetan egindako grebez gain, datorren asterako deitutako beste bi greba deialdiak mantenduko direla azaldu du Lakuntzak, akordio batera heldu ezean. Gobernuak pauso bat aurrera egin beharko lukeela iritzi dio, “ahalbidetzeko beste sektore batzuetan posible izan dena”, eta Sukalde eta Garbietan lortutako akordioa jarri du adibide gisa.

Ildo honetan, adierazi du Eusko Jaurlaritzak eskola publikoan dagoen funtzionamenduan aldaketa batzuk egin behar direla onartu behar duela: burokratizazioa gutxitu eta lan zamak jeitsi behar direla, ratioetatik hasita. Negoziazioen "teatralitazazio"tan ez erortzeko eskatu die gainontzeko sindikatuei. Era berean, ELAk ez duela sasi-akordiorik sinatuko ohartarazi du.

Anton Arriolak, Kutxabankeko presidenteak entitateko langileen aurrean adierazi du talentua erakartzeko euskara oztopoa izan litekeela. Honi buruz galdetuta, Lakuntzak dio hitz horiek jende asko mindu dutela, batez ere, Kutxabankeko langile euskaldunak. “Agerian geratu da Arriolaren taletu falta haintzat ez hartzeko euskara aukera bat dela talentua errotzeko eta zaintzeko”, gaineratu du.

Gutxieneko Soldata propioa lortzeko bidean, ELAren idazkari nagusiak nabarmendu du bi bide ireki direla hori lortzeko: patronalak itxitako bidea, lanbidearteko akordioa lortzearena, alde batetik. Bestetik, Herri Ekimen Legegile bat martxan jartzea. Laster sinadura bilketa hasiko dela azaldu du, Eusko Legebiltzarrera eztabaida eramateko helburuarekin.

Entzun elkarrizketa hemen