Mitxel Lakuntza: “Enpresak irabaziak dituztela ezkutatzen ari dira”

2022/09/27
Ziurgabetasun egoera honen aurrean, gizartearen kohesiorako zergen balioa defendatu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Bizkaia irratian egindako elkarrizketan. “Zergengatik ez balitz, ez genuke ez Osakidetza, ez Hezkuntza, ez besterik izango”. Hori dela eta, ziurtatu du “norabide onean” doala Espainiako gobernuak ondasun handiei zergak handitzeko egin duen proposamena, edukia aztertzeke bada ere.

Era berean, defendatu du enpresei zergak handitu behar zaizkiela, Hego Euskal Herrian ezer edo gutxi ordaintzen dutelako; Europaren batez bestekotik oso urruti. Are gehiago irabaziak inoizko handienak izanten ari direnean: “Ezkutatzen ari da enpresek irabaziak dituztela. IBEX35ko enpresek bikoiztu egin dituzte irabaziak eta enpresa txikietan ere lana dago”.

Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, ordea, “Espainiaren gobernuaren atzetik” dabiltzala salatu du. “Hemen ez dago borondaterik gehien dutenei gehiago eskatzeko”. Eta ulergaitza zaio bizitza garestitzen ari denean aurreztearen alde egitea, Jaurlaritza legez.

Hori dela eta, KPIaren araberako soldaten defentsa egin du Lakuntzak, eta erretiroari begira ere ohartarazpena: Europako funtsen trukean, erretiroa kalkulatzeko epealdia handitu beharko du Madrilek.

Horiek eta beste hainbat gai, honako elkarrizketan