Mitxel Lakuntza: “Errenten Itunak langile klasea pobretu dezake, krisia larriagotuz; erosahalmena bermatu behar da, KPIaren araberako soldata igoerekin”

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak adierazi duenez, inflazioa areagotzen ari den une honetan, “inoiz baino beharrezkoagoa da soldatek erosahalmena ez galtzea. Izan ere, soldatak ez ditira arazoa, konponbiderako bidea baizik”. Soldaten debaluazio politikak, ordea, ez dira berriak, gogorarazi duenez: pentsioak, LGSa edo sektore publikoko soldatak 2021eko KPIaren oso azpitik igo dira. “Horregatik, Errenta Itun berrietarako deiak, CCOO eta UGTren bermearekin, soldatak KPIa baino gutxiago haztea inposatzeko ahalegin bat baino ez dira”. Horren aurrean, ELAk KPIa bermatzen duen soldata igoerak defendatzen jarraituko du, “hori baita aberastasunaren bidezko banaketan aurrera egiteko modu bakarra, ELAk Bizkaiko Elikaduraren Merkataritzan, Metalean edo Gipuzkoako Bide Garbiketan lortu duen bezala”.
Bestalde, ELAko Azterketa Bulegoko arduradunak, Mikel Novalek, agerian utzi du prezioen igoera ez dela soilik Ukrainako gerraren ondorio. “Lehen ere gertatzen ari zen. Material falta edo petrolioa edo gasa erauzteko gaitasunaren mugak lehendik datoz. Sistema elektrikoaren diseinuak argindarraren tarifa garestitzen duela salatu dugu behin eta berriz. Eta espekulazioarekin prezioen gehiegizko igoeraren kontura aberasten ari direla ere ez da gauza berria”.
Berehalako eragina duten neurriak
Aipatutako soldaten erosahalmenari eusteaz gain, ELAk berehalako eragina luketen neurriak ere eskatu ditu:
-Produktu energetiko guztien prezioen kontrola. Beharrezkoa da elektrizitatearen edo erregaien prezioa sozialki onargarriak diren balioetan mugatzea.
-Sektore energetikoa kontrol sozialarekin publifikatzea.
-Elektrizitatearen prezioa finkatzeko sistema aldatzea. Ez dadin energia guztia iturri garestienaren prezioaren arabera ordaindu.
Berehalako neurri horiekin batera, ELAk beharrezkotzat jo du beste neurri batzuei ekitea, orain azaleratzen ari diren faktore askoren atzean dagoen eredu ekonomiko eta soziala aldatzeak dakarren erronka sistemikoari erantzuteko. Ildo horretan, hainbat proposamen egin dira, hala nola sozialki eta ekologikoki beharrezkoa den hedapena duten sektoreetara bideratutako inbertsio publikoa nabarmen handitzea (hala nola, zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa, edo osasun edo hezkuntzako inbertsio publikoa Europako batez bestekoarekin parekatzea); enpresek etekinengatik ordaintzen dituzten zergak eta kapitala nabarmen handituko dituen erreforma fiskala; edo zor publikoaren auditoria herritarra.