Mitxel Lakuntza: “Lan erreforma patronalaren akordioarekin indargabetuko dela esatea gezurra da”

2021/11/05
ELAko idazkari nagusiak ohartarazi du Sanchezen Gobernuak iragarritakoak ez dakarrela lan erreforma indargabetzea, patronalaren oniritzia behar baitu horretarako. ELAk Espainiako Gobernuari exijitu dio bertan behera utz dezala nahasmen eta propaganda kanpaina, eta argitara eman dezala pentsioen belaunaldien arteko ekitate mekanismoari buruzko proposamena. Mitxel Lakuntzak salatu du informazio nahasmen handia dagoela lan erreforma edo pentsioen erreforma bezalako gai garrantzitsuen inguruan. ELAko idazkari nagusiak adierazi du “ziria sartu nahi digutela lan erreforma indargabetzeaz ari direnean, gehienez ere alderdi jakin bati buruz ari direlako, eta ez benetako indargabetze batetaz”.

Gainera, ministerioek adostutako testuak azpimarratzen du “Gobernuak elkarrizketa sozialaren bidez alderdi guztiekin akordio justu eta orekatua” lortu nahi duela. Lakuntzaren arabera, patronalari ematen zaion boterearen eta beto gaitasunaren adierazgarri da hori: "Ez da serioa, ezta sinesgarria ere, esatea lan erreforma indargabetu daitekeela patronalarekin akordioa lortuta. Bistakoa da patronalak ahal duen guztia egingo duela lan erreforma hori ez indargabetzeko, ez baitio borondatez uko egingo alde duen egungo legeria bidegabe eta desorekatuari”.

Beraz, Lakuntzak azpimarratu du lan erreforma indargabetzea ezinbestekoa dela. Horren baitan, bereziki indargabetu behar da EEEak errazten dituen kaleratze kolektiboak eta Euskal Herrian sektoreko hitzarmenen lehentasuna berreskuratu behar da. ELAk horiek lortzeko lanean jarraituko du, eta Madrilen diputatuak dituzten Euskal Herriko alderdiei (EAJ, Bildu, Podemos) eskatuko die aldarri horiek defendatzeko konpromisoa har dezatela.

Bestalde, pentsioen erreformari dagokionez, Lakuntzak Sanchezen Gobernuari exijitu dio argitara eman dezala Belaunaldien arteko Ekitate Mekanismo berria arautzeko Elkarrizketa Sozialerako Mahaian egin duen proposamena. “Mekanismo horren inguruan, gizarte kotizazioak igotzeko asmoa zabaldu du gobernuak, baina ELAk uste du neurrei horren zatitxo bat besterik ez dela ezagutzera eman. Onargaitza da neurrien berri emateko modu hori”.

Azkenik, ELAko idazkari nagusiak gogorarazi du sindikatuak lan erreforma eta pentsioen erreforma baldintzatzeko konpromisoari eusten diola. “Kalera irten gara jada, urriaren 24an egin gisan, eta azaroaren 13an aterako gara berriro, pentsiodunen mugimenduak deitutako manifestazioak babesteko. Ondoren ere mobilizazio gehiago etorriko dira”, adierazi du.