Mitxel Lakuntza: “Mercedes-Benz taldeak 2016tik 949 milioi baino gehiago banatu ditu dibidenduetan. KPIa ez eskatzea neurrigabea eta onartezina da”

2022/07/15
ELAko idazkari nagusiak Gasteizko Mercedes-Benzeko langileak zoriondu ditu, egunotan KPIaren araberako soldata igoeren alde eta malgutasunaren aurka greba egiten ari direlako, eta euren eskubideen alde lan egiten jarraitzeko deia egin die. Lakuntzak deitoratu egin du Urkulluren gobernuaren jokabidea, Emilio Titosen zuzendaritzari aldeko tratua ematea egotzita.

“Gasteizko Mercedes-Benz gero eta aberatsagoa da. Bertako langileek, aldiz, erosahalmena galtzen jarraitzen dute”. Hala ziurtatu du gaur Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak. “2016tik, Mercedes-Benz taldeak 949,6 milioi dibidendu baino gehiago banatu ditu. Eta, hala ere, esaten digute KPIaren araberako soldata igoera onartezina dela. KPIaren araberako soldataren inpaktuaren gutxi gorabeherako kalkulua, ordea, honako hau izango litzateke: 14,35 milioi 2022an eta 18,7 milioi 2023an (KPIaren % 8ko aurreikuspenarekin). Guztiz onargarriak diren kopuruak”.

Beraz, Lakuntzak dio “onartezina eta desorekatua” dela Mercedeseko langileen lan baldintzen eta etekinen artean dagoen desproportzioa. Eta hori guztia Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin, Emilio Titosen enpresari “mesede tratua” eskaintzen jarraitzen baitu, ziurtatu du. “Jaurlaritzak ez du industria politika sendorik. Hutsune hori betetzeko, multinazionalen erabakiak babesten ditu, horien xantaiak ere onartuz. Urkullu Lehendakariak eta Arantxa Tapia sailburuak ez lukete esku sartu behar negoziazio kolektiboan”.

Langile gutxiago, onura gehiago

Datuek beren kabuz hitz egiten dute: salmentak 4.867 milioitik 5.444 milioira igo dira 2020an, hau da, % 11,9 gehiago, mozkinen emaitza 61 '6 milioi eurora iritsi zen 2021ean. Mozkin horiek aurreko urteetan lortutakoei gehitu behar zaizkie: 2016az geroztik, Mercedes-Benz taldeak 746 '6 milioi baino gehiago pilatu ditu. Hori guztia, gainera, plantilla txikiagoarekin. 2021ean, plantillako langileen batez bestekoa ez zen bost milara iritsi (4.951), eta 2020an 5.74 pertsonakoa izan zen.

Era berean, ekoizpen jardueraren negozio aurreikuspenak onak dira: 2022ko ekitaldirako unitateen plangintza 158.000 unitate ingurukoa da, hau da, aurreko urteko ekitaldiarekiko % 25eko igoera.

Antzerkia eta faborezko tratua

Ekonomiaren eta etekinen testuingurua aldatu ez den arren, Gasteizko lantegiko zuzendaritzak errealitatetik urrun dagoen egoera bat antzeztu du, etorkizuneko inbertsioak trukerako txanpon gisa erabiliz lan baldintzak okertzeko; malgutasuna (mobilizazioekin atzera bota dena) eta bermerik gabeko soldata igoerak bezalako neurriekin. Lakuntza: “Enpresak esperotako papera jokatu du: bere etekinak eta hazkundea defendatu ditu kosta ahala kosta, aldez aurretik gauzatutako plangintza batekin.

Antzezpen hori Eusko Jaurlaritzak lagundu du, gainera. “EAEko ordezkari politikoak enpresaren alde agertu dira hasiera-hasieratik, eta haien zerbitzura jarri dituzte euren adierazpen eta agerraldi publikoak. Ez dute, baina, inolako kezkarik azaldu plantillari buruz, ezta plantillako lan baldintzen prekarizazioari buruz ere. Alderdi sozialarekin harremanetan jartzeko ahaleginik ere ez dute egin. Eta hala ere, prest agertu dira aurre-akordioa ontzat jotzeko eta bi aldeak zoriontzeko, egun hauetan Gasteizko kaleetan greba egiten ari diren milaka pertsonak alde batera utzita”.

Oraingoan, aldiz, Mercedesek langileak eta ELAren moduko sindikatuak izan ditu aurrez aurre, parte hartzeko prozesuekin ahotsa eman nahi izan diena. “Mercedeseko langileen portaera eredugarria izan da, eskaera argi eta bidezkoekin: ez seigarren gauari, eta bai KPIari, enpresaren errealitatearekin bat datozelako”. ELAko buruzagiak gogorarazi duenez, seigarren gaua aplikatuko balitz, 800 lanpostu zuzen baino gehiagoren sorrera galduko litzateke.

Gainera, azpimarratu du sindikatuen eta langileen mobilizazioari esker, zuzendaritzak uko egin behar izan diola seigarren gauari. “Mobilizazioarik gabe hori ezinezkoa litzateke”. Enpresak malgutasuna defendatzen jarraitzen du, ordea, eta langileen eroshalmenak bermatu gabe jarraitu arren, Mitxel Lakuntzak Mercedesentzat hitzarmen duin eta justu baten alde mobilizatzen jarraitzeko deia egiten die idazkariek, mobilizazioek emaitzak ematen dituztela garbi geratu baita.