Bizkaia Irratia

Mitxel Lakuntza: “Osakidetzako mahai sektorialean gure proposamenei kasurik ez, eta beste bat sortzea propaganda da”

2024/09/16
Mitxel Lakuntza: “Osakidetzako mahai sektorialean gure proposamenei kasurik ez, eta beste bat sortzea propaganda da”
Osakidetzak berehalako neurriak eta plangintza orokor bat behar duela ziurtatu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Bizkaia Irratian. Jaurlaritzak osasungintzaren diagnostikoa izan baduela dio, eta baita gehiengoa ere neurriak jada hartzeko. Horregatik, osasun itunerako beste mahai bat osatzea “propagandatzat” jo du: “Jada badago Osakidetzako arazoei buruz aritzeko mahaia sektorial bat. Bertan dago ELA beste sindikatuekin, eta 14 bilera egin dira. Baina ez digute kasurik egiten, eta beste mahai batera joateko esaten digute”.

 

Gogorarazi du azken mahai sektorialean ELAk 25 neurri zehatz aurkeztu zituela. Hala ere, Osasun Sailak soilik proposatu zuen medikuen aparteko orduak handitzea, ez gehiago kontratatzea. “Osakidetza ezin da konpondu langileen baldintzak eta egoera hobetu gabe, ezta aurrekontua handitu gabe ere. Eta auzi horiek jada existitzen den mahaian lantzen dira”.

Bestetik, ondasuna hobeto banatzeko bestelako arau fiskal justuagoa behar dela azpimarratu du Lakuntzak, eta horretarako fiskalitatea politikaren erdigunera ekarri. Izan ere, egun enpresek ezer gutxi ordaintzen dutela dio, zergetatik jasotako hamar eurotatik zazpi langileen soldaten bizkar geratzen baita.

Elkarrizketa osorik hemen.